Nafarroako Gobernuaren ahulezia ikusirik, ELAk mobilizazio eta konfrontazio demokratikoa aldarrikatzen du Estatuaren xantaiari aurre egiteko

2014/09/18
Orain sumatzen dira Nafarroako eta Madrilgo elite ekonomiko eta politikoek Volkswagenen BEZari (Balio Erantziaren Zerga) buruz itxitako itun fiskalaren ondorio larriak.

ELAren ustez, Volkswagenen BEZaren auzian estatuak 1.500 milioi euroko auzi-eskea egin izana mehatxu eta xantaia politikoa da, PPren zentralizazio politikarekin bat datorrena, eta horri aurre egiteko beharrezkoak dira mobilizazio soziala, irmotasun politikoa eta konfrontazio demokratikoa.

BEZaren auzi hau Nafarroako eta Madrilgo eliteen artean ezkutuka itxitako akordio baten fruitu da, eta orain gardentasunik gabeko tratu haren ondorioak nafar guztioi ordainarazi nahi dizkigute.

Sindikatuak ohartarazi nahi du litekeena dela kasu hau PPren eta UPNren arteko desadostasunak antzezteko modu bat izatea -gaitza baita sinestea PPk bere sozio historikoari benetan halako erronka jotzea-, baina nabarmen geratu da gero eta ahulago dagoen gobernu honen erantzun ahul eta ezdeusa. Arazoaren auzia da, besterik sinetsarazi nahi diguten arren, ez dagoela itunik, ez aldebikotasunik; beti nagusitzen da alde bakarreko politika eta UPNren gobernuak Estatuko gobernuarekiko duen menpekotasuna.

ELAk berretsi egiten du Foruaren Hobekuntza gero eta hutsalagoa dela eta, ondorioz, premiazkoa dela nafarron erabakitzeko eskubide beteari buruzko eztabaida sozial eta politikoa hastea; izan ere, horrelako errealitate demokratiko baten inguruan bildu beharko bailirateke indar sindikal, sozial eta politikoak.