euskara
Nafarroako Gobernuaren Hizkuntza Planek herritarrek euskaraz atendituak izateko duten eskubidea ez dutela bermatuko uste du ELAk

Nafarroako Gobernuak Departamentu bakoitzeko Hizkuntza Planak aurkeztu ditu. Horien bidez zehazten da zein lanpostutan eskatuko den euskara jakitea. Departamentuen araberako azterketa sakonago baten faltan, euskara baldintza izango da Nafarroako Gobernuko Administrazioko plazen % 4,7rentzat (gaur egun % 3 dira). ELAren ikuspuntutik, igoera hau ez da nahikoa arreta euskaraz jaso nahi duten pertsonen eskubidea bermatzeko. ELAk Administrazioari eskatu dio plaza gehiago perfilatzeko eta gaur egun hizkuntza ezagutzen ez duten langile publikoak euskalduntzeko ardura hartzeko (lan-denboran eta Administrazioak ordaindutako formakuntzen bitartez).
Bestalde, Gobernuak 2024ko Lan Eskaintza Publikoaren berri eman du. Eskainitako 1.424 plazak, aldi baterako kontratatutako 15.326 pertsonen aldean, ez dute balioko behin-behinekotasun-tasa murrizteko (gaur egun % 47an dago, Kontuen Ganberaren azken txostenaren arabera). Sindikatuak Gobernuari adierazi dio Madrili men egiten jarraitzen dion bitartean - erreposizio tasa Estatuak ezartzen baitu-, behin behinekotasunak ez duela behera egingo.