Nafarroako metaleko hitzarmenak erosmen-ahalmena ez du bermatzen
ELAren iritziz, lan-erreformatik benetan babesturik egoteko, enpresa-hitzarmenak egin behar dira; eta egindako aurre-akordio horrek ez du bermatzen beteko denik, ezta enpresetako lan-baldintzak mantenduko direnik ere.
Soldata-arloan eroste-ahalmenaren galera nabarmena da, tauletan %1,1eko guztizko igoera itundu dute, 2012 eta 2013 urteetarako (2012: %0,5 eta 2013: %0,6) eta %0,85 taulen gainetik daudenentzat (2012: %0,25 y 2013: %0,6). Orain arteko erreferentzia aurreko urteko KPI zen; hori horrela izango balitz, 2012 eta 2013. urteetarako soldata-igoera %5,3koa izan beharko zen (2012an 2011ko KPI: %2,4, eta 2013an 2012ko KPI: %2,9).
Urteko lanaldia ez da murriztu; alderantziz, enpresetan adostu ahal izango dute urtean 40 ordu gehiago lan egitea. Eta hori iruzur egitea da Nafarroako milaka langaberentzat, enpresetan ez baita kontratazio berririk egingo.
Aurre-akordioak ez du galaraziko hitzarmen-taulen gainetik dauden soldatak beherantz aldatu ahal izatea, L.E. 41 art. aplikatuz.
Mugagabeko aurrera-eragina izan beharrean (hitzarmenaren edukiak mantentzea hitzarmen berria sinatu arte), gehienez hiru urtera mugatzea erabaki dute (bi urtera, eta alderdiek hala adosten badute beste urte bat gehiago).
Hitzarmena berritzeko akordioak Nafarroatik kanpo hartu dira (funtsean, Metalaren Estatuko Hitzarmena eta Negoziazio Kolektiborako Akordioa). Eta akordio horietan ez dira ezertarako kontuan hartu metalgile nafarren beharrizanak.
Aipatu beharrekoa da aurre-akordioa lortzeko gaur, hilak 17, egin duten antzezlana. Ezer negoziatu gabe 12 hilabetez eman ondoren, patronalari bat-batean exijitu diote aurre-akordioaren agiria formalizatzeko. Eta 30 minutuko atsedenaldi batean (bai, bai 30 minututan) dokumentua aurkeztu dute. Sindikalistaren bati mihia lerratu eta azkenean, batere lotsatu gabe, aitortu dute den-dena negoziazio-mahaitik kanpo hitzartu dela.