Nafarroako metalgintzako enpresek ez dute betetzen prebentzioko ordezkarien prestakuntza betebeharra
Nafarroako metalaren sektoreko enpresek ez dute betetzen 2021eko estatuko hitzarmenean jasotakoa. Hitzarmen horren bidez, enpresa horiek prebentzioko ordezkariei presentziala eta gutxienez 50 ordukoa den prestakuntza eman behar diete.
Ildo horretan, ELAk oroitarazten du 2017an sindikatuak EAEkoaren antzeko lanbide arteko akordio baten negoziaketa bultzatu zuela Nafarroan prebentzio-delegatuen prestakuntzarako, baina CENek atzera bota zuela. Ondoren, Nafarroako Gobernuak egungo Prestakuntza Plana onartu zuen, NOPLOIk emandakoa bai, baina berme nahikorik gabekoa, eta metaleko ordezkaritza sindikala kanpo utzi zuena.
2018an Nafarroako Lan Osasunaren Kontseilua utzi zuenetik, ELAk UGTk eta CCOOk sinatutako Nafarroako metalaren hitzarmenaren negoziazioetara eraman izan du sektoreko ordezkaritza sindikalaren prestakuntza modu presentzialean eta NOPLOItik eman behar zenaren aldarrikapena, baina ez dute kontuan hartu nahi izan.
Ordutik hona, Nafarroako metalaren sektoreko enpresak on-line ari dira ematen 2021eko Estatuko hitzarmenean oinarrituta presentzialak izan behar ziren ikastaro horiek. Denbora horretan, guztira 5 pertsona hil dira sektorean izandako lan-istripuetan.
ELAk aldarrikatzen du segurtasun eta osasuneko prestakuntza ezinbestekoa dela Nafarroako ezbehar-tasa onartezinak murrizteko. Hori dela eta, bilera bat eskatu die ANEM eta APNEM patronalei, metalaren sektoreko ordezkarien prestakuntza NOPLOIk aurrez aurre eman dezan.