Nafarroako Ospitalguneko sukaldeen kudeaketa publikoaren alde agertu da ELA
Osasun Kontseilariak Nafarroako Ospitalguneko sukaldeak leheneratzea iragarri duela eta, ELAk kezka azaldu nahi du iragarpen hau aurrekontuen baliabide faltarekin baldintzatu ez dadin.
ELAk uste du erabaki ona izateko Gobernuak bere proposamena eta zenbateko aurrekontuekin lagunduko duen zehaztu behar duela.
Ezin da ahaztu duela gutxi 2016ko aurrekontuak onartu direla, eta Gobernuak bere esku zegoen erreforma fiskala onartu duela, beraz bere esku dago neurri hau gauzatzea eta ez iragarpen hutsal batean geratzea.
ELAk ezinbestekoa jotzen du iragarpen hau erabateko publifikazioaren konpromezuarekin batera joatea. Zentzu honetan gogorarazi behar da GeroaBaik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak sinaturiko akordio programatikoan bertan zerbitzu hau leheneratzeko konpromezua biltzen dela.
Nafarroako Gobernuaren sukaldeak pribatizatzeko erabakiak (garai horretan UPNk eta PSNk osatua) ondorio oso txarrak izan zituen enplegu publikoarentzat, lan-baldintzen prekarizazioarentzat eta zerbitzuaren kaltetan.
Beste alde batetik, ELAk Nafarroako Gobernuari exijituko dio prozesuan eragina izango duten langileen enplegua bermatzeko.
Hau guztiagatik, eta Osasunbidearen planteamendu osoa jakin aurretik, ELAk Nafarroako Gobernuari dei egiten dio Nafarroako Ospitalguneko sukaldeetako publifikazio osoan aurrera egin dezan.