Nafarroako parlamentuak aintzat hartu beharko lituzke tortura salaketak

2011/03/16
Foru Komunitateak- poliziaren inguruko eskumena duen aldetik- nazioarteko erakundeek, Nazio Batuek edota Amnesty Internationalek proposatutako torturaren aurkako baliabideak inadarrean jartzea eskatu du ELAK.

ELAk ez du ontzat ematen Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak hartutako erabakia, hots, tortura salaketak ikertzeko batzorde bati uko egitea; batzordea osatzeko eskaera torturaren aurkako ekimena taldeak egin zion Parlamentuari.

ELAk uste du, hasteko, erakunde foralak ezin duela jarraitu entzungor egiten azken hiletan hainbat herritar nafarrek egindako tortura salaketa larriei. Gainera, Foru Komunitateak poliziaren inguruko eskumena duen aldetik, nazioarteko erakundeek –Nazio Batuek edota Amnesty Internationalek kasu– torturak saihesteko dituzten protokoloak aplikatzea derrigorrezko oinarritzat hartu beharko luke Parlamentuak. 

ELAren irudiko, halaber, larriak dira ezer ez egiteko erabakia zuritzeko erabiltzen diren argudio eta zergatiak.

Sindikatu honen ustez, agintari politikoek behingoz aitortu behar dute tortura badagoela, izan ere, oso gutxi izanagatik, torturatzaileak zigortu dituzten ebazpen judizialak bai baitira.

Neurriak erabaki behar dira gizon-emakumeak xehatzeko eta zanpaketa politikorako erabiltzen den tresna hau amai dadin; hortarako bera babesten duen sistema legal eta instituzionala eraitsi behar da, lege antiterrorista eta inkomunikaziotik hasi eta salbuespenezko auzitegietaraino (halakoa baita Auzitegi Nazionala); atxilotuei berez dagokien epailearen aurrean agertzea zor zaie.

ELArentzat, argitara ateratzen diren tortura kasuak ez dira sakabanatuak, aldian behin gertatzen direnak; aitzitik, sistemarekin batera doaz, praktika honetarako aukera ematen baitu inkomunikazioarekin, eta gero salatutako kasuak ikertu eta argitzeari uko egiten baitio. Horregatik, inpunitateak bukatu egin behar du; ezinbestekoa da salaketak ikertzea eta kasuok auzitan epaitzea.

Azkenik, gizarteak eta, zuzenago, instituzioek tortura jasan duten pertsonen aitortza egin behar dute eta behar bezalako arreta eskaini behar die eman zaien tratu txarren ondorioak sufritzen dituztenei.