Nafarroako ubidean prezioaz azpitik egin den likidazioa

2014/03/28
ELAk ohartarazi du langileen osasunak jasaten duen arriskua areagotu egingo dela. Sindikatuak Nafarroako Gobernuari galdetu dio ea ziurta dezakeen lizitazioa merkatuz langileen enplegu eta segurtasun baldintzak bermatuko direla. ELAk gogoratu du garatzen ari den herritar ekimen legegileak (HEL) baldintza hauek babesteko aukera ematen duela.

OHL eta Agbar enpresei esleitu diete Nafarroako Ubidea zabaltzeko lanen ardura, 147 milioi euroren truke, hots, lizitazio prezioa baino %25 merkeago. Nafaro gobernuak adjudikazio honen berri ematerakoan iritzi publikoari saldu nahi izan dio albiste oso ona dela, baina ELA ez dago inola ere ados.

Merkatuko prezioez beheiti egindako lizitazioek ondorio zuzena izaten dute, hitzarmen kolektiboak ez direla aplikatzen. Horrela, herrilan batean diharduten langileak zigortu egiten dituzte soldata miserableak jasotzera eta amaigabeko lanaldia egitera behartzen duten erritmoetara. Lan-osasuneko protokoloak baztertu egiten dira, kostuak merkatzeko, eta egoera honek eragiten du eraikuntza izatea lan-istripu gehien gertatzen diren sektoreetako bat.

ELAk Lan-ikuskaritzari eta Nafarroako Gobernuari exijitzen die zorrotz zain ditzatela Ubideko lanak, aplikatu beharreko hitzarmenak eta segurtasun protokoloak aintzat har daitezen.

Bere aldetik ELAk obretan bertan defendituko ditu eraikuntzan lan egiten dutenen eskubideak. Hain zuzen, sindikatua sustatzen ari den aipatutako HEL horrek,  zeinaren helburua kontrata publikoetan lan egiten duten pertsonen baldintzak bermatzea baita, adierazten du konpromiso hori.