Nafarroako zerga erreforma hutsala dela eta murrizketa gehiago dakartzala salatzen du ELAk
Nafarroako Legebiltzarreko Ogasun eta Ekonomia Batzordeak atzo onarturiko akordioen aurrean, honokoak azpimarratu nahi ditu ELAk:
-
Aldaketa hauek urtean 65 miloi euro gehiagotako bilketa ekarriko dute, oso kopuru hutsala. Nafarroako Gobernuak 2013rako aurkezturiko aurrekontuak gastuan 224 miloi eurotako murrizketa zekarrela gogoratzea besterik ez dago, atzo onarturiko erreformekin “bilduko dutena” baino 3 t' erdi aldiz gehiago.
-
Aldaketak kosmetikoak bakarrik dira. Gehien dutenak zergatzen direla esateko egiten diren aldaketa txikiak baino ez dira egiten PFEZean. Eta gainera, espainiar estatuan Rajoyk onarturikoaren azpitik geratzen direla geratzen da agerian. Ondare gaineko Zergan onarturikoari dagokionez, aurretik indarrean zegoen zergara partzialki bueltatzea baino ez da. Enpresek lortzen dituzten mozkinengatik ordaindu beharko luketena baino askoz gutxiago ordaintzea errazten dute Sozietate gaineko zergan aldaketek.
-
Ez da zerga iruzurraren aurka inolako neurririk onartu. Zerga iruzurra izugarria da, eta handituz doa. Hala ere, hemendik urte beterako epean gai honen inguruan ikerketa bat eskatzea bakarrik onartu zen atzo. Onartezina da Nafarrokao Gobernuak zerga iruzurraren aurka neurririk ez hartzea.
Azken urteetan aplikatzen ari den murrizketen politika sufritzen jarraitzera zigortzen duela Nafarroako biztanleria salatzen du ELAk. Politika hau langabezi eta gizarte babesik eza areagotzen ari da, pobrezia gehitzen, eta zerbitzu publikoak okertzen.
Hori dela eta, Nafarroako Legebiltzarreko Plenoak aldaketa hauek atzera botatzea eskatzen du ELAk, eta PFEZ, Sozietate gaineko Zerga edo Ondare gaineko Zergan azken hamarkadetan onarturiko erreformen eraginak bertan behera utziko dituzten norma berriak onartzeko.