Nafarroan aurten lan istripuz hildakoak 18 dira gaur Donezteben errepidea asfaltatzeko lanetan hildako langilearekin

2022/11/16
Donezteben N-121-A errepideko lanetan hildako langilearen aurrean, ezbehar-tasaren igoeran patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna salatzen du ELAk

ELAk jakin ahal izan duenez, Doneztebe (Nafarroa) parean N-121-A errepidean asfaltatze lanetan ari zen langile bat hil egin da, makina zapalgailu batek harrapatuta. Lehenik eta behin, ELAk babes osoa adierazi nahi die biktimaren lankide eta eta gertuko pertsona guztiei, eta era berean ikerketa sakona egin dadila eskatzen du, gertatutakoa eta egon daitezkeen ardurak argitzeko.

Urtea amaitzeko hiru hilabete t'erdi falta den honetan, 2022an 18 pertsona hil dira lan-istripuz Nafarroan. Euskal Herri osoan 68 dira guztira. Heriotza horien arrazoi nagusiak altueratik erotzea, harrapatzeak, kolpeak eta asfixia izan dira, gehienak erabateko prekarietate egoeretan, eta enpresariak ezarri beharreko oinarrizko neurriekin erraz saihets zitezkeenak.

Datu ofizialek baieztatzen dute Nafarroan Laneko Arriskuen Prebentzioa ez dela egiten edo paperean geratzen dela. Enpresek lehentasuna ematen diote produkzioari arriskuak murrizteari baino, eta errentagarriago ateratzen zaie Legea ez betetzea, prestakuntzan, segurtasun-prozeduretan eta babes-ekipamenduetan inbertitzea baino. Horren aurrean, patronalak zer eginen duen galdetzen du ELAk, etekinak pilatzen jarraituko du isilik dirauen bitartean?

Bestalde, aholkularitza eta kontrolerako baliabide publikoak ez dira inolaz ere nahikoak. Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua eta Lan Ikuskaritza kolapsatuta daude baliabide faltagatik, eta Nafarroako Gobernuak beste aldera begira eta arreta desbideratzen jarraitzen du, langileei arduraz jokatzeko dei eginez.

ELAren iritziz, laneko ezbehar-tasa geldiaraztea erantzukizun-kontua izateaz gain, borondate-kontua ere bada, eta, zoritxarrez, patronalak eta Gobernuak ez dute benetako borondaterik egoera aldatzeko. Horregatik, lan-ezbeharren aurrean kontzientzia hartu eta mobilizatzeko deia egiten dio ELAk Nafarroako langileriari, bertan hiru astetik behin pertsona bati bizitza kentzen baitio.