Acciona-sERVINABAR AUZIA
Nafarroan Servinabarrekin lotutako esleipenak sakonki ikertzeko eta erantzukizun guztiak argitzeko eskatu du ELAk

Txostenetan adierazitako inplikazioak eta Acciona-Servinabar ABEEri esleitutako obrei buruz ezagutzen ari denaren larritasuna ikusita, ELAk ikerketa sakona egitea eskatzen du, erantzukizun eta inplikazio guztiak argitzeko, Nafarroako Gobernuak izan ditzakeenak barne.
Txostenek irregulartasun larriak jasotzen dituzte, gutxienez, Acciona-Servinabar ABEEri egindako hiru esleipenetan. Zehazki, ondorioztatzen dute Belateko tunelen obraren esleipena bertan behera utzi beharko litzatekeela prozeduran izandako irregulartasunengatik, eta irregulartasun administratiboak aipatzen dituzte Erripagainan babes ofizialeko 62 etxebizitza eraikitzeko eta Arbizuko ikastetxe publikoko obretan.
Bereziki kezkagarria da Nafarroako Gobernuari zuzenean eragiten dion irregulartasunak egotea, baina azpimarratu behar da enpresaburuek ere parte hartzen dutela horietan, gutxienez 2015etik aurrera izandako jardueretan.
ELAk Accionaren eta beste enpresa eta enpresari batzuen ustezko inplikazioa sakonki ikertzea eskatu du, irregulartasunak sustatu ote zituzten argitzeko. Enpresek ustelkeria kasuetan sustatzaile gisa duten funtsezko zeregina bigarren maila batean geratzen da. Horregatik, ELAk uste du premiazkoa dela praktikan onura pribaturako diseinatutako kontratazio publikoko sistemak berrikustea eta antzeko egoerak errepika ez daitezen beharrezko ondorio politikoak ateratzea. Horien artean, funtsezkoa da ustelkeria kasuetan inplikatutako enpresak eta enpresaburuak edozein lehiaketa publikotan berriz aurkeztea galarazteko mekanismoak ezartzea.