Nafarroan soldatak gehiago jaisten ari dira, beste lurralde batzuetan baino, salatu du ELAk

2013/09/18
Nafarroan soldatak gehiago jaisten ari dira, beste lurralde batzuetan baino, salatu du ELAk
Mitxel Lakuntza, Nafarroako koordinatzaileak azaldu du, Nafarroan UGTk eta CCOOek sektore-hitzarmenetatik %85 sinatu badituzte ere, soldatak gehiago jaisten ari dira, beste lurralde batzuetan baino.

ELA-Nafarroako koordinatzaile Mitxel Lakuntza agertu da gaur prentsaurrekoan, industria-arduradun Jokin Arbearekin eta Zerbitzuak Federazioko arduradun Pablo Sanchezekin batera, Nafarroako negoziazio kolektiboaren egoera aztertzeko, eta mobilizazio-astea —urriaren 21etik 25era— iragartzeko.

Lakuntzak adierazi duenez, Nafarroan UGTk eta CCOOek sektore-hitzarmenetatik %85 sinatu badituzte ere, soldatak gehiago jaisten ari dira, beste lurralde batzuetan baino.

Soldatak jaisteko eta eskubideak murrizteko eginkizun horretarako, Patronalak baditu aliatu batzuk: erreforma, langabezia, eta UGT eta CCOO sindikatuak; Lakuntzak esan bezala.

Sektore-hitzarmenak sinatuz arazoa konpondu dela pentsatzea oso oker pentsatzea da.

UGTk eta CCOOek negoziazio kolektiboarekiko duten triunfalismoa kritikatu du, besteak beste, esanez sindikatu batek oraingo egoeraren aurrean gauza asko egin ditzakeela, baina horien artetik lehena egia esatea da. Eta egia esaten hastekotan, esan behar da patronalak erreforma aplikatzen duela ahal duen toki guztietan.

Alde horretatik, Jokin Arbeak azpimarratu du Langileen Estatutuaren 41. artikuluaren bidez patronala soldaten kontra ari dela, eta oposizio sindikala ez dagoen lekuetan enpresek soldata jaitsi eta lanaldia luzatu egiten dutela. Dena dela, gogora ekarri du enpresen adibideak, non soldata-jaitsierak eragotzi baitira; eta hortik enpresa-mailan antolatzeko beharra aldarrikatu du.

Zerbitzu-sektoreen egoerari dagokionez, Pablo Sanchezek nabarmendu du sektore-hitzarmenetan ez dela ezartzen gutxieneko mailarik. Eta, gainera, Nafarroan UGTk eta CCOOek sinatzen dute Patronalak nahi duen oro (eroste-ahalmena galtzea, antzinatasuna murriztea, aldi bateko ezintasunaren osagarria inaustea, malgutasun handiagoa...)

Horrez gain, erne egoteko esan du, hitzarmenak salbuetsi diren kasuak agertzen hasita baitaude. Hori dela-eta, enpresa-hitzarmen blindatua da benetan babesten gaituen tresna bakarra.

Azkenik, Nafarroako koordinatzaileak banan-banan aipatu ditu erreformatik libre dauden enpresak, eta esan du mobilizazio-astea baliagarria izango zaigula antolakuntza-lanetan sakontzeko, eta horrela hitzarmen blindatu gehiago eta hobeak lortzeko.