Arabako adinekoen egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorea

Nahiz eta patronalek hobekuntzak aurkeztu, akordioak urrun jarraitzen du eta azaroaren 4ko eta 5eko greba mantentzen da

2025/10/29
Nahiz eta patronalek hobekuntzak aurkeztu, akordioak urrun jarraitzen du eta azaroaren 4ko eta 5eko greba mantentzen da
ELAk positibotzat jo du hilabeteetako blokeoaren ondoren aurrerapausoak eman izana, nahiz eta patronalek aurkeztutako proposamena nahikoa ez dela uste duen. Arabako Foru Aldundiak gatazkan duen erantzukizuna bere gain hartu gabe jarraitzen du .

Gaur, urriak 29, berriro bildu da Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen probintzialaren negoziazio mahaia. Bilera horretan, patronalek proposamen berri bat aurkeztu dute, aurrekoekin alderatuta aurrerapen batzuk sartzeko. Hala ere, ELAk uste du planteatutako hobekuntzak oraindik ez direla nahikoak eta oraindik ez dietela erantzuten sektorearen aldarrikapen nagusiei.

Hala, enpresen aldetik mugimendu batzuk hautematen diren arren, oraindik urrun gaude langileen lan baldintzetan eta baldintza ekonomikoetan hobekuntza nabarmenak bermatuko dituen benetako akordio batetik. Ildo horretan, ELAk azpimarratu du hitzarmenaren helburua izan behar dela enplegua duintzea oso feminizatua eta prekarizatua dagoen sektore batean, bizitzaren kostuarekin bat datozen soldata igoerak eta aurrerapenak ziurtatuz, besteak beste, lanaldian, lan kargetan eta kontziliazioan.

ELAk gogorarazi du gatazkak sei urte baino gehiago daramatzala irekita, 50 greba egun baino gehiago eginda, eta langileek inplikazio eta determinazio eredugarriak erakutsi dituztela. Horregatik, hobekuntza horiek argi eta garbi jasotzen dituen proposamenik egiten ez den bitartean, ELAk azaroaren 4rako eta 5erako greba deialdiari eusten dio. Sektore honetako lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmenik egon arte ELAk grebak bultzatzen jarraituko du.