Navalen etorkizuna estrategikoa da gure herriarentzat

ELAren iritziz Navalen alde egitea ezinbestekoa da. Ontziolaren oraingo egoerak kolokan jarri du milaka langileren gaurko eta biharko enplegua. ELAk pribatizazioaren aurkako jarrera hartu zuen bere garaian, eta ordutik iragarri zuen ontziolaren etorkizuna pribatizatzeko erabaki haren menpe geratuko zela.
Hori dela-eta, ELAtik hurrengo adierazpen hauek egiten ditugu:
- Azken hilabeteotan iritzi publikoari helarazi zaio ontziolaren etorkizuna beste inbertsore bat aurkitzean datzala, baina inork ez daki inbertsore horren berri. ELAren ustez oraingo egoeraren erantzukizuna Navalen oraingo jabeei dagokie, eta haiek dira konponbideak bilatu behar dituztenak.
- Akziodun nagusien artean Ingeteam edo Astilleros Murueta bezalako enpresak daude, eta horrelako enpresa kaudimendunek ezin dute ontziola bertan behera laga. Ezinbestekoa da ontziolaren etorkizuna kolokan egoteko arrazoiak ezagutzea. Beharrezkoa da jakitea arazoaren muina zein den: finantzabidea, merkatua edo, besterik gabe, ontziolan eraiki den itsasontzi bakoitzean dirua galdu den. Arrazoi nagusia azken hori izan bada, enpresa-kudeaketa ezin txarragoa izan dela ondorioztatu beharko zen.
- Gure iritziz oraingo arduradunek, ihes egin beharrean, egoeraren diagnostikoa egin behar dute, ontziolari etorkizuna bilatzeko asmotan.
- Navaleko oraingo plantillaren egoera azken urteotako ekonomia-politiken ondorioa da. Enpresak zuzenean 255 langile ditu, baina ohiko eraikuntza-garaietan 2.000 langile izaten ditu, enplegu azpikontratatu bidez eta lan-baldintza txarragoekin. Euskal Herria, eta batez ere Ezkerraldea, industriagabetzen ari da, eta joera horren bultzatzaileak hauek dira: pribatizazioa, gehiegizko malgutasuna, lan-baldintza narriatuak eta enpresarien kudeaketa txarra eta erantzukizunik eza.
- Gure aburuz herri-erakundeek parte hartu behar dute zuzenean Navalen balizko itxieraren kontra. Ezinbestekoa da, gainera, Tapia andrearen ardurapeko sailak, azken urteotan jarraitu duen politika zeharo aldatuz, bat egitea Navalen etorkizunaren alde apustu egin dugunokin, eta zorrotzagoa izatea akziodunekin, egin behar dutena egiten ez dutelako. Bada garaia gure herri honetan gertatzen ari den industriagabetze-bilakaera behingoz geldiarazteko, eta horren ildotik Navalen etorkizuna estrategikoa da.