Nazio Batzordeak Mitxel Lakuntza proposatuko du Txiki Muñoz ordezkatzeko ELAko idazkaritza nagusian

2018/12/17
ELAko Nazio Batzordeak Mitxel Lakuntza proposatuko du Txiki Muñoz ordezkatu eta idazkari nagusi izendatzeko. Gogoratuko denez, Txiki Muñozek bere agintaldia 2019an bukatu behar du adin kontuagatik, sindikatuaren araudiari jarraituz. Gauzak horrela, Nazio Batzordeari (Batzorde Eragilea, eskualdeetako eta federazioetako arduradunak batzen dituen organoa) proposamena egitea dagokio. Bada, Mitxel Lakuntza proposatuko du.

Erabakia ohiz kanpoko kongresu batean hartuko da, eta horretarako deia aste honetan egingo da, Nazio Kontseiluaren bidez (kongresu arteko sindikatuaren organorik gorena). Deialdia onartzen bada, hitzordua Donostiako Kursaalen izango da 2019ko apirilaren 5ean. Bertan bozkatuko da Batzorde Eragilea berritzeko proposamen osoa. 12 lagunen organoa izanik, eta Txiki Muñozek kargu guztiak utziko dituenez, beste kide bat sartu behar da bere ordez; Nazio Batzordeak Maialen Aranburu proposatzen du.

Gauzak horrela, Donostian Batzorde Eragile osoa bozkatuko da, idazkari nagusi berria barne: Mitxel Lakuntza, Amaia Muñoa (idazkari nagusi albokoa), Amaia Aierbe, Xabi Anza, Maialen Aranburu, Iván Giménez, Laura González de Txabarri, Pello Igeregi, Mikel Noval, Leire Txakartegi, Eustakio Uranga eta Joseba Villarreal.

Mitxel Lakuntza Vicario (Iruñea, 1976) ELA-Nafarroako koordinatzailea da gaur egun (2004an hartu zuen ardura, Jose Mari Otaegi ordezkatuz), eta Batzorde Eragileko kidea. Elektronika-teknikaria da, eta ELAko afiliatua da 1999tik, Gamesako langilea zenean. Enpresa horretan delegatua izan zen. Sindikatuaren egituran 2001ean sartu zen, Hainbat federazioaren ardura bere gain hartuz.

Bestetik, Maialen Aranburu Zinkunegi (Lasarte-Oria, 1985) Batzordea Eragilean sartuko da, Ekintza Sozialaren ardura hartzeko. Aranburu Jendarte eta Kultur Antropologian lizentziatua eta Gizarte Langintzan diplomatua da, eta Ikasketa feministak eta generoko masterra dauka. ELAko egituran 2016an sartu zen, eta ardura ugari izan ditu; besteak beste, Donostiako eskualdeko eta Irakaskuntzako arduraduna izan da.