Nazio Batzordearen komunikatua Grande-Marlaska epailearen azken erabakien aurrean

2006/06/25

ELAko Nazio Batzordeak bilera egin du Bilboko Konfederazioaren egoitzan, abagune politikoa aztertzeko, batez ere, zenbait epaileren jarduerek abagune horretan duten eragina, eta bereziki Audientzia Nazionaleko 5. instrukzio-epaitegiko epaile Grande-Marlaskaren jarduerak.

ELAk bere protesta agertzen du, azken asteotan zenbait epaitegitatik bultzatu diren jarduerak, bakebideratze eta normalkuntza politikoaren aurkakoak baitira, eta euskal gizartean harridura eta haserrea besterik ez baitute sortzen. Nazio Batzordeak balioespen hori egin duenean oso gogoan izan ditu arestian denok ikusi ditugun gertakariak: zenbait lider politikoren agerraldiak eta partehartzeak; herri-erakundeetako arduradunei eta politikariei egindako mehatxu penalak, Batasunako ordezkariekin harremanak edo bilerak izateagatik; herritarrak kriminalizatzea zenbaitetan arduradun politikoak ere bai bide demokratikoen aldeko apustua aspaldian egina bazuten ere; eta azken batean, ETAk, orain 3 hilabete, eman zuen su-etenari errepresioaz erantzuteko maila judizial askok duten borondate nabarmena.

Botere-bananketa eta aginte judizialaren burujabetasuna behin eta berriz argudiatu arren, begibistakoa da epaileen erabaki horiek zenbait esparru politikoren eta komunikabideren oihartzuna direla, eta normalkuntza politikorako eta bakerako bidean oztopo handiak direla. Esparru horietatik ateratzen dira, hain zuzen, proposamenak, hortik bultzatzen dira epaileen jarduerak, eta hortik eskaintzen zaie estaldura eta babesa.

Horiek horrela, ELAren Nazio Batzordeak:

-Gizartean gertatu diren aldaketak beren gain hartzeko eta onartzeko eskatzen die epaileei eta auzitegiei, baita bakea sendotzeko konpromisoa hartu ere, eta hastapenetan dagoen prozesuan eragile positibo bihurtzeko, gizarte honen gehiengo zabalak gogotik nahi duen bezala.

-Bere sostengua eskaintzen dio elkarrizketari. Bere elkartasuna adierazten die elkarrizketa praktikatzeagatik salatuak izan diren herri-erakundeetako arduradunei eta politikariei. Eta barruti politiko bat ordezkatzen dutenekin, Batasunakoekin barne, harreman normalak izateko duen borondate sendoa agertzen du.

-Espainiako Gobernuari eskatzen dio errepresiozko dinamika indargabetzeko, prozesua bultzatzen duten neurri eta erabaki zehatzak hartzeko, eta benetan eta behingoz konpromiso garbia adierazteko.