Negoziazio kolektiboa, prekarietateari aurre egiteko tresna. Erreibindikazioa versus gizarte-elkarrizketa

2005/10/03

ELAren Batzorde Eragileak datorren negoziazio kolektiboan proposatuko dituen ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur. Negoziazio kolektiboan, ELAren helburu nagusia prekarietateari aurre egitea izango da. Aurkezpenean, Jose Elorrieta, idazkari nagusia, Adolfo Muñoz, negoziazio kolektiboko arduraduna eta Leire Txakartegi, antolakuntza arduraduna izan dira.

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA: ETENGABEKO EKINTZA. Patronalak jarraitzen du bere baldintzak ezarri nahian, eta prekarietatearen inguruko arazoak aztergaien zerrendatik kendu gura ditu. Hori horrela izanik, negoziazio-aldiak luzatzen dira, eta prozesu asko eta asko, bai sektore-mailan, bai enpresakoetan, itxi gabe geratzen dira luzaroan. CONFEBASK osatzen duten lurralde-mailako patronalek xantaia onartezina egiten dute negoziazio kolektiboan, ez baitute onartzen, besteak beste, hitzarmenen atzeraeragina. Benetako negoziazioa egin den guztietan, ia beti gatazken ondorioz, , argiro baino argiroago ikusi ahal izan dugu horrelako erreibindikazioek badutela beren lekua. ELAk ez du onartzen xantaia hori. Lan sindikala egiteko bestelako arloak bilatuko ditugu gerora ere, benetako edukiei nondik heldu izateko. Hemen ere salatu behar dugu patronalak, publikoak nahiz pribatuak, azpikontratazioaz egiten duen erabilera makurra. Enpresa askotan lan-subrogaziorik ez dagoenez, enpresaburu askok xantaiarik zitalena egiten diete lan-baldintzak hobetu edo, txarrenean ere, mantendu nahi dituztenei. Erreibindikaziotan hasiz gero, zure lanpostuaren eginkizuna beste enpresa batekin azpikontratatuko dut. Patronala oso urruti dago hainbeste aldarrikatzen den gizarte-elkarrizketatik, eta jarrera hori, besteak beste, gatazka-sorburua izan, izaten eta izango da.

2006rako LEHENGO LEPOTIK BURUA: Soldata-igoeretan azken muga KPI, eta lanaldi-murrizketarik ez. Prekarietatea auto-antolamendurako elementua dela diote, eta aztergaietatik kanpo utzi nahi dute. Lan-baldintzak araugabetzen eta okerragotzen saiatzen dira ahal duten guztietan: azpikontratazioa mugarik gabe, behin-behinekoak iruzurrean kontratatuta, eta soldata-diskriminazioa barra-barra. Azken finean soldata guztiak apaltzea da asmoa, gero eta etekin gehiago ateratzearren.

BESTE ERREFORMA BATEN ATALASEAN: Patronala Madrilgo dena delako gizarte-elkarrizketa horri begira dago. Hurrengo lan-erreformak ere ugazaben aldekoak izango direlakoan daude. Uste osoa dute hurrengo lan-erreforman, badakitelako ez dutela pribilegio bat ere galduko. Ugazabek ez dute legea betetzen (behin-behineko kontratatuen horrenbesteko handi bat lege-iruzurrean eginak dira), baina lan-administrazioak ez du ezertxo ere egiten. Gizarte-elkarrizketaren eredu hori da batzuek Euskal Herrian klonatu nahi dutena, baina ELAk ezetz esaten du. Eredu horren azpian azpijoko asko ezkutatzen dira: patronalak mugimendu sindikala indargabetzea; gobernuek ezikusiarena egitea gizarte-gaietan (iruzurra, lan-osasuna...); eta gizarte-elkarrizketa horren sinatzaileek dirua eta mesedeak lortzea, sortzen diren mahaiak, mahaitxoak, behatokiak eta batzordeak direla bide. Horrela, gure arazoen eztabaidaguneak halako mahai birtualetara eramanda (hiru aldetako gizarte elkarrizketa), indar-korrelaziorik gabe, patronal harro horrekin, eta gobernu neoliberalekin, iparra galduta ibiliko da langile-jendea, eta azkenean pentsatuko dute emaitza sindikalak berez datozela, ezer egin gabe. Eta hori ez da egia, inoiz ez da hala izan.

ESKURA DAUKAGUN BESTE AUKERA: NEGOZIAZIO KOLEKTIBOAN GURE ERREIBINDIKAZIOAK PLAZARATZEA. Prekarietatea eta lan-baldintzarik txarrenak dituztenak modu eraginkorrean babesteko, hipotekarik gabe lan egin behar dugu. Gure indarra langileak berak dira, sindikatuen betiko erronka langileria antolatzea da. Patronalak egunero erakusten digu ez duela atzera egiten, guk bultza egiten ez badugu. Lan-harremanak gatazkatsuak dira, gauzei ezin zaie buelta eman jendeak ez badu adorerik. Negoziazio kolektiboa gure tresnarik baliagarriena da oraingo egoerari buelta emateko. Prekarietatean bizi direnen aldeko negoziazio kolektiboa bultzatu behar da, jendearen konpromisoa eta partehartzea sustatzen duen negoziazioa.

ARDURA NAGUSIA SINDIKATUENA DA: KOADROAK PRESTATZEA. Alferrik da patronala kritikatzea, ondoriorik ateratzen ez badugu. ELAk ez du eztabaida birtualik nahi ea zein den esparru hobea eta zein txarragoa. Erreibindikazio-edukiak, sindikatuaren antolamendua, indar-korrelazioa sindikala eta horiek bezalako gaiak dira gero eta hobeto landu behar ditugunak. Negoziazio kolektiboaren gure ereduan jendearen partehartzea behar-beharrezkoa da beti. Helburu horiek gogoan izanik, eta 2006ko negoziazio kolektiboari begira, prestatu ditu ELAk delegatuentzako ikastaroak.

OINARRIZKO ERREIBINDIKAZIO-ATALAK: Negoziazio-esparru bakoitzean egin behar diren zehaztapenak alde batera utzita, hauexek dira ardatz nagusiak:

SOLDATA-IGOERA: KPI (eta are gutxiago Gobernuaren aurreikuspena) ez da izan behar gure erreferentzia bakarra negoziazio kolektiboan, galdutako mailak berreskuratu nahi baditugu, behintzat. Indize horretan ez da islatzen, esaterako, etxebizitzaren prezioaren igoera, eta gainera, batez besteko bat izanik, ez du kontuan hartzen oinarrizko produktuak gehiago igo direla besteak baino, ezta gertakari horrek soldatarik apalenetan duela eragin handiena ere. Bestalde, produktibitatean lortu diren hobekuntzak hartu beharko lirateke kontuan. KPI ezin dugu erreferentziatzat hartu soldata-diskriminazioa pairatzen duten pertsonen kasuan. o Diskriminazioak ezabatzen dituzten soldata-taulak eskatu behar ditugu.

ENPLEGUA, PREKARIETATEA, DISKRIMINAZIOA ETA BERMEAK. Eduki horiei lehentasuna eman behar zaie hitzarmen eta itunetan. o Kontratazioan dagoen iruzurrari aurre egitea. Eta behin-behineko langileak finko bihurtzeko ahaleginak egitea. o Lan-subrogazioaren klausulak ezartzea, azpikontratetan langile berek jarraitzen dutela ziurtatzeko. Subrogazioa, kasu askotan, lehenengo pausoa izaten da, gero beste eduki batzuk sarzen joateko. o Lansarietan parekatzeko politikak; soldata-eskala bikoitzak eta hirukoitzak ezabatu; diskriminazioak kendu (gazteak, emakumeak, etorkinak, ezinduak...) o Enpresa-itunetan ultraeragina ezartzea.

LANALDIA: Lanaldia 35 ordu lortu arte murriztu; lan-egutegiak ezarri; patronalak malgutasunaren bidez nahi duen lanaren arau gabetzea galarazi; aparteko orduak kendu.

LAN-OSASUNA: Lan-ezbeharrak gutxitzeko, lan-prekarietatea gutxitu behar da. Osasuna aurreikusteko eta zaintzeko planak. Aurreikuspena enpresen kudeaketa-sisteman txertatu. Gaixotasun arruntaren gertakizuna Osakidetzak/Osasunbideak eraman zuzenean.