Negoziazio Kolektiboan ADEGIk duen jarrera kritikatu du ELAk (137. Astekarian publikatutako komunikatua)

2004/05/20

ELA-Metala federazioak Gipuzkoako negoziazio kolektiboan Adegik duen jarrera kritikatu du, "sektoreko esparrutik enpresa guztietako negoziazioko edukiak beherantz baldintzatu nahi dituelako". Zentzu honetan Gipuzkoako zenbait lantegietan euren enpresa batzordeei jakinarazi diete ez dutela ezertaz hitz egingo sektoreko erreferentziak jakin arte. Patronala enpresa hauetako negoziazioa oztopatzen ari da jarrera horrekin, bere asmoa hitzarmen guztiak beherantz baldintzatzea baita.

ELAren ustez negoziazio kolektiboan ez dago lehentasunezko esparrurik eta langileen soldatak eta negoziazioa, Gipuzkoako metaleko langileen lan baldintzak hobetzeko tresna den neurrian, gatazka enpresetan ere planteatuko dugu.

ELA-Metala federazioarentzat, sektoreko mahaian akordioa lortzea erraztearren gehiengo sindikalak plataforman atzo (maiatzak 20) egin zuen aldaketa, nahikoa izan beharko luke KPIaren gaineko soldata igoerak eta lanaldiaren benetako murrizketa isladatzen duen akordioa lortzeko. Hala ez bada Gipuzkoako Patronalak bere erantzunkizuna onartu beharko du.

ELAk edukiak dituen negoziazio kolektiboa defendatzen du. Patronalak hazkunde ekonomikoko azken 10 urteotan finkatu dituen pribilegioen eztabaida seriotasunez hartzen duen negoziazioa. Ez da egia zenbait negoziazio esparru "langileen arteko elkartasuna bermatzeko" predestinatuak egotea. Azken urteotan eman den "Elkartasun" bakarra, hala dei badezaiokegu, laneko errenta eta enpresarien errenten artean eman da.