Bizkaiko Arte Grafikoak

Negoziazio Mahaiko sindikatuek benetako negoziazioa exijitu diote patronalari

2024/04/02
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek martxoak 26an 10 puntuko plataforma bateratua aurkeztu zioten sektoreko patronalari, sektoreko hitzarmenaren negoziazioan akordio batera iristeko. Patronalaren erantzuna immobilista eta etsigarria izan da apirilaren 2an.

Bizkaiko arte grafikoen azken hitzarmena 2011koa da. 2013an, sektoreko langileen lan baldintzak Estatuko sektoreko hitzarmenaren bidez arautzen saiatu zen sektoreko patronala Bizkaian. CEBEK patronalak porrot egin zuen bere saiakeran, epai batek aitortu baitzuen Bizkaiko azken hitzarmena ultraaktiboa zela.

Azken 10 urteotan, patronalak, besterik gabe, ez du ezer jakin nahi izan sektoreko hitzarmen berri bat negoziatzeko orduan. 2023ko ekainean, Negoziazio Mahaia eratu zen berriro. Hala ere, Negoziazio Mahaiak egin dituen 10 bileretan, CEBEKek negoziatzeko borondate eza erakutsi du. Planteamendu atzerakoiak egin dituzte hainbat gaitan; eta ez dute ezer jakin nahi azken urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeaz. Beste aldarrikapen sindikal batzuk ere baztertu egin dira.

Blokeo egoera horren aurrean, mahai negoziatzailean ordezkaritza duten sindikatuek edukiak adostea eta plataforma bateratu bat egitea erabaki zuten, negoziazioa desblokeatzeko helburuarekin. KPIari lotutako igoerak eta erosteko ahalmena berreskuratzea, lanaldia gehiago murriztea, elementu atzerakorik ez egotea, prekarietatearen aurkako klausulak, lan osasuneko eta berdintasuneko elementuak…

Apirilaren 2an egin da azken bilera CEBEKekin, eta bere erantzuna murrizketaz beteta duen plataforma mantentzea izan da. Bileran, patronalak adierazi du ez duela atzerapenik aurreikusten, ezta KPIren gainetik igoerarik ere; eta elementu atzerakoiei eusten dietela (malgutasunaren gaian, adibidez). Hurrengo bilera apirilaren 8an izango da, arratsaldez. CEBEKek erantzun zehatzagoa emango du, sektoreko enpresekin kontsulta egin ondoren.

Azkenik, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek batera aktibazio eta borroka kanpaina bat hasi dute sektorean. Mozioak sozializatuko dira enpresa batzordeetan eta langileen ordezkaritzetan, eta mobilizazioak aurrera eramango dira apirilean.