Negoziazioaren oinarriak (Astekaria 122, Editoriala)

2003/12/16

Nazio Kontseiluan aurtengo negoziazio kolektiboari buruz aurkeztutako txostenak argi adina itzal erakusten du. Emaitza onak ageri dira, batez ere borroka era egokian antolatu eta aurrera eramateko gauza izan garen enpresetan, baina arrakasta eta emaitzaonen ondoan hutsegite edo emaitza murritzagoak ere azaltzen dira. Ez da harritzekoa horrela izatea, hitzarmen bakoitza mundu bat baita.

Esan daiteke negoziazio kolektiboa trantsizio aroan dagoela, hots, negoziatzeko molde eta ereduak aldatzeko ahaleginean ari garela. Zer gertatzen da? Eredu zahar eta berria nahastu egiten direla, baita batzutan gure praktikan ere.

Gauzak horrela, dagoeneko prestatzen ari garen 2004ko negoziazio kolektiboak urrats berriak egiteko balio behar du, helkburuetan, negoziazioaren prestakuntza eta parte hartzean eta aliantza politikan ere.

Helburuetan, soldata eta lan-baldintzekin batera beste helburu kualitatibo batzuk ere jasoaz: bereizkeriaren aurkako arauak edo ezarri nahi diguten gehiegizko malgutasuna mugatzeko neurriak.

Parte hartzearen aldetik, berriz, negoziazio prozesu guztian langileen iritzia eta esku hartzea landuz, bestela negoziazio molde honek ez baitu aurrera egiteko ezinbestekoa den indarra lortuko.

Eta azkenik, indarrak metatze aldera, agian zail bezain beharrezko den benetako aliantza landuz. Ez sigla pilaketa hutsa besterik adierazten ez duen aliantza, borrokan aurrera egin behar denean urtzen dena, baizik eta helburu zehatzetan eta negoziatzeko estrategia zein borrokarako konpromisoetan oinarritzen dena.