'Nekeak hil egiten du!' kanpaina martxan da
2012/10/08
Urteroko legez, Garraiolarien Nazioarteko Federazioak “Nekeak hil egiten du” lemapean informazio kanpainari ekin dio gaur. Aste osoan zehar garraiolariek pairatzen dituzten lan baldintza txarrak salatuko dituzte mundu osoko sindikatuetako ordezkariek. ELAko kideak Biriatuko geldiunean izan dira gaur goizean informazioa banatzen garraiolarien artean.
ELAk salatzen duenez, garraiolariek ordu gehiegi egiten dituzte errepideetan eta asteko lanaldia araututa egon arren, 12 ordu baino gehiago egiten dituzte bolantearen aurrean. Era honetan, istripuren bat izateko aukerak biderkatu egiten dira.
Bestalde, ezin da ahaztu azken urteotan prezioek nabarmen behera egin dutela eta sektorean kaleratze ugari izan direla. Honek guztiak langileak ataka larrian utzi ditu, besteak beste sektoreak izan duen desregulazioa kausa.