Nervaceroko zuzendaritza izua hedatu nahian dabil azkenaldian
2012/06/25
ELAk salatu du Nervacero enpresako zuzendaritzak «izua» hedatzen jarraitzen duela langileen artean, bere plana ezarri ahal izateko.
ELAren esanetan, zuzendaritzak plan hori proposatu zuenetik ez du bere bide orria «milimetro» bat ere mugitu, ezta langile batzordearekin bildu ondoren ere. Langileak proposamen horren aurka agertu dira beti, baina zuzendaritzak ez du kontuan hartu langileen nahia.
Zuzendaritzak murrizketa plan gogorra aurkeztu zion apiril amaieran langile batzordeari: 55 langile kaleratu nahi ditu, eta gainontzekoei soldata %30 jaitsi; eta urtean 160 lanordu gehitu, 20 egun, hain zuzen. Celsa Atlantic enpresaren lantegia da Nervacero. CCOO eta UGT sindikatuen jarrera gaitzetsi du ELAk. Bi sindikatuek proposamena «makillatzeko» eskatu diote zuzendaritzari, baita proposamena behin eta berriz bozketara eramateko ere, baiezkoa atera arte.