Neurriz kanpoko gutxiengo zerbitzuak Loiu-ko aireportuan

2010/01/21
Auzitegi Nazionalak onetsi egin du ELAren administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Sustapen Ministerioaren gutxienezko zerbitzuen dekretuaren aurkakoa, Loiuko aireportuko garbiketa eta orga-bilketaren zerbitzuaren lanuztea zela-eta emandakoa, motibaziorik ez zuelakoan eta neurriz kanpokoa zelakoan.

Auzitegiaren aburuz Sustapen Ministerioak ez zuen aurkeztu arrazoi nahikorik plantillaren %100eko gutxienezko zerbitzuak ezartzeko, Eulen enpresako langileek uztailaren 5ean egin zuten lanuztean. Eulen enpresa hori garbiketa eta orga-bilketaren zerbitzuaren emakidaduna da Loiuko aireportuan.

Epaiaren zio-adierazpenean esaten denez, greba-eskubidea gutxienezko zerbitzuen bidez murriztu ahal izateko, motibazio arrazoitua eman behar da hiru mailatan: grebaren eraginpeko zerbitzua funtsezkoa dela frogatzea, proposatzen diren gutxienezko zerbitzuak zeintzuk diren zehaztea, eta horietan jarduteko behar diren langileak izendatzea.

Suspaten Ministerioren dekretuan ez zen arrazoitu kontzeptu-maila horietako bat ere, eta jarduera batzuetan %100eko gutxienezko zerbitzuak xedatu ziren, eta hori ez da ez arrazoizkoa, ezta neurrizkoa ere; zeren eta "edozein grebak, berez, zerbitzua emateko normaltasuna hausten baitu", eta gutxienezko zerbitzuek ezin dute ekarri "zerbitzua normaltasunez ematea", grebak galduko bailuke izan behar duen eragiteko indarra.

Gutxienezko zerbitzuak, gainera, greba bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartuz zehaztu behar dira. Epaiak dioenez, Administrazioak ez zituen justifikatu irizpide murriztaileak, eta ez da nahikoa justifikazio orokor berbera erabiltzea edozein grebatan.