EUROPAKO FUNTSAK
Next Generation funtsak: diru publikoa Nafarroako enpresa handien etekinak bermatzeko
Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak (OMAL) ELArentzat egin duen txostenak aztertu ditu Next Generation funtsen inpaktua. Horren arabera, Europar Batasuna “bakearen ikur” denaren irudia eman arren, gerra eta militarizazio erregimenaren aitzindari bihurtu da, eta gorakada armamentistikoa proposatzen da krisi ekonomikoarentzako irtenbide gisa. Hala azaldu dute gaurko prentsaurrekoan Imanol Pascual Nafarroako ELAko Koordinatzaileak, Janire Landaluze sindikatuko Azterketa Bulegoko kideak, eta Gorka Martija Rodrigo OMALeko kideak.
“Europar Batasuna: Agenda oliba-berdea eta digitala enpresa transnazionalen zerbitzura” txostenak aztertzen du europar funts publikoak jasoko dituzten enpresen harremana. Izan ere, funts horiek ez dira itzuli behar ez diren Europako “dirulaguntzak”, bazik eta itzuli beharrekoak dira (maileguari dagokion zatian), eta Estatu jasotzaileak behartzen ditu neurri antisozialak hartzera: lan erreformak, pentsioen murrizketa, enpresa eta aberatsenen mesederako fiskalitatea, eta kontratazio zein politika publikoen gaineko mugak. Beraz, austeritate politiketara itzultzera derrigortzen dute, 2025etik aurrera indarrean izango direnak.
Europar funtsek espainiar gobernua behartzen dute pentsioetan %6,1eko murrizketak ezartzera 2025eko apiriletik aurrera (hau da, urtean 11.300 milioi euro). Pentsioen erreforma erabaki zutenek ezkutatu egin nahi zuten etorkizuneko murrizketak ezartzen ari zirela. Europar Batzordeak apirilean argitaratu zuen zahartzeari buruzko txostena: 2023an erabakitako pentsioen erreformak zehazten zuen hiru urtero berrikusiko zirela pentsioak, doikuntzak ezartzeko. Europar funtsak estatuen politiketan esku hartzeko mekanismo bat dira, eta Europar Batasunak aspaldidanik aplikatu izan dituen austeritate politiken baitan ematen dira. Egoera horren arduradun ere badira pentsioen erreformari bide eman zioten alderdiak, besteak beste EAJ eta EH Bildu. Bizkar eman zioten erreforma arbuiatzeko eskatu ziete erakundeei.
Pentsioak murriztu, armetan gastatzeko
Belizismoa gaur nagusi da politikan: gastu militar handiagoa, eta gastu sozial murritzagoa. Pentsioak txikiagotu nahi dituzte armak erosteko; hor dago koska. Hori da NG Funtsen Europa: gezur bat multinazional handien interesen alde egiteko. Egungo europar politikak ez dira berdeak, ez sozialak, eta haien iparra ez da bakea. ELAk ez du ezkutatu nahi gertatzen ari dena; hori salatzea ezinbesteko urratsa da bestelako Europa baten alde lan egiteko.
OMALek egindako txostenaren arabera, Next Generation funtsak korporazio multinazional handiei zuzenduta daude, eta horietako batzuk Nafarroan daude. Automozioaren sektorean, besteak beste, Volkswagen Navarra (27,04 milioi euro) eta Gestamp (8,9 milioi) nabarmentzen dira. Aipatu behar da kopuru handiak bideratzen direla burbuila teknologikoak lotzera (‘greenwashing’) hidrogenoa bezala, non Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriak bultzatutako GreenH2CATudela bezalako proiektuak agertzen diren, edo Accionak eta Nordex Groupek enpresak. Energia berriztagarriei dagokienez, Tuterako Montes de Cierzo I parke eolikoaren eta Corellako Corral del Molino I parke eoliko-fotovoltaikoaren proiektuak nabarmentzen dira.
Nekazaritzako industriaren sektorean, Elikagaien Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionala (CNTA), egoitza San Adrianen duena, Spain Food Valley86 enpresa elkartearen sustatzaile nagusia da, eta, besteak beste, 37,3 milioiko 28 proiektu aurkeztu ditu. Eta urari dagokionez, Nafarroak 8 milioi euro jaso ditu Nilsa enpresa publikoak eta Montejurrako eta Iruñerriko mankomunitateek zuzendutako ekimen baten bidez. Aitzitik, Nafarroako Gobernuaren uraren arloko proiektu nagusiak – Nafarroako Ubidea –, azkenean, NGEU funtsak erabiltzetik baztertu behar izan da, 2028ra arte luzatzen den proyektua baita.
Azken finean, plan honen xedea da diru publikoari esker enpresa handien etekin tasa berreskuratzea, lan prekarioa hedatuz eta gatazka ekosozialak piztuz. Horregatik, ELA bat dator OMALen txostenaren ondorioekin: “kapitalismo oliba-berde eta digital” horri aurre egin behar zaio berrarmatze teorikoarekin eta ezker politiko, sozial eta sindikalaren mobilizazio zabalarekin. Aldi berean, alternatiba egingarriak bultzatu behar dira, erakundeetan eta horietatik kanpo. Europako herrien emantzipazioa gauzatzeko zalantzarik gabe buru egin behar zaio gaur EB den dominazio eta esplotazio egiturari. Hausnarketa hori une egokian dator, kontuan izanik ekainaren 9ko hauteskundeek Europar Batasunaren datozen urteetako norabidea ezarriko dutela.