Novaltiak 3 urte bete ditu greban

2022/07/22
Europako grebarik luzeenak 3 urte betetzen ditu gaur. ELAk benetako negoziazioa eskatzen dio enpresako zuzendaritzari, plantillaren prekarietateari amaiera emango dion akordio bat lortzeko.

Gaur 3 urte beteko dira 2019ko uztailean greba hasi zenetik. Gogoratu nahi dugu Novaltia kooperatiba sozietate bat dela, Bizkaiko 200 farmazia inguru bertako bazkideak direla, eta azken 3 urteetan oso irabazi handiak izan dituela. Grebalarien kolektiborik handienak, berriz, hilean 950 euroko soldatekin konformatu behar zuen.

Enpresak grebaren aurka duen jarreragatik luzatu da hainbeste greba. Azken hilabeteetan hainbat aldeko epai jaso ditu, hau berresten dutenak. Nabarmendu behar da ELAren zerbitzu juridikoak demanda gehiago prestatzen ari dela ildo horretan.

Nolanahi ere, banaketa farmazeutikoko kooperatiban pairatzen duten prekarietateari amaiera emango dion akordio bat eskatzen dute grebalariek. Horregatik, Novaltiari dei egin diote, behingoz benetako negoziazio bati aurre egin diezaion.

ELAk grebalarien kolektiboaren duintasuna eta indarra errekonozitu nahi ditu. Dena aurka edukita borrokaren bidea prestijiatzen dute. ELAk uste du, nahiz eta oso gogorra eta luzea izan, hori dela greba hasi zuten helburuak lortzeko bidea.