Novaltia eta Vulcanizados Zuloaga greban

Grebalariek Lan Ikuskaritza eta enpresen konplizitatea salatu dute

2023/02/08
Bi enpresetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, Lan Ikuskaritzaren aurrean.

Novaltiako eta Vulcanizados Zuloagako grebalariek elkarretaratzea egin dute gaur Bilboko Lan Ikuskaritzaren aurrean, greba eskubidea etengabe urratu arren Ikuskaritzak ezer gutxi egiten duela salatzeko, nahiz eta hainbatean epaitegiek arrazoia eman dioten ELAri urraketa hauek aitortuz.

Urteak greban daramatzaten langileak dira. Novaltiaren kasuan, Bizkaiko 200 farmaziari banaketa zerbitzua eskaintzen dioten kooperatibako langileek 3 urte eta erdi daramatzate greban. Zaratamoko Vulcanizados Zuloaga kautxu metalezko produktu teknikoak egiten dituen enpresaren kasuan, urte eta erdi.

Ikuskaritzaren jarduera, ordea, negargarria izaten ari da. Novaltiaren kasuan, epaitegiek Ikuskaritzaren ebazpenen ondoren zuzendu dute epaiekin azken horren praxi txarra. Praktika horren beste adibide bat da Vulcanizados Zuloagan gertatutakoa: Langile Batzordeak premiazko salaketa aurkeztu zuen 2022ko ekainaren 28an. Bada, ikuskatzailea oraindik ez da joan enpresara salatutako gertakariak ikuskatzera (batzordeak ez du horren berri), eta 7 hilabete geroago ere ez du txostenik egin.

Horregatik guztiagatik, ELAk uste du Bizkaiko Lan Ikuskaritza enpresen konplize bihurtu dela greba eskubidea urratzen den kasuetan, greban dauden langileei bizkarra emanez. Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrera eraman nahi izan duten salaketa hori.