Bi urteko greba bete arren, Novaltiak ez du enpresa-hitzarmena negoziatu nahi

2021/07/23
Bi urte bete dira Novaltia enpresa farmazeutikoan greba hasi zenetik, eta zuzendaritzak ez du jarrera aldatu: hitzarmen kolektiboa negoziatzerari uko egiten dio eta langileen greba-eskubidea urratzen segitzen du. Jarrera hori salatzeko, grebalariek kontzentrazio egin dute gaur Bilboko Amaya Blanco Arce botikan, kooperatibako kontseilu errektoreko farmazietako bat izaki.

 

Izan ere, Novaltia farmazia-produktuak banatzeko enpresa kooperatiboa da, eta bazkideak farmaziak dira. 2019an, enpresa-hitzarmenarekin amaitzea erabaki zuen zuzendaritzak, estatuko hitzarmena aplikatzeko. Negoziatzeko borondaterik ez zegoenez, langileek greba egitea erabaki zuten urte bereko uztailaren 22an, hitzarmena berritzeko eta honako hauekin ere amaitzeko:

  • Soldata eskala bikoitzarekin: kontratu berrietan % 35 gutxiago soldatetan.
  • Novaltiako soldata apalenak ez dituzte hileko 950 euroak gainditzen. Lanbide arteko Gutxieneko soldatatik oso gertu daude.
  • Erabateko malgutasunarekin, igande eta jaiegunetan lan egitera behartuz.
  • Kanporatzeak eta kontratazio prekarioak.

Novaltiak bizkarra eman die plantillaren eskaera guztiei, eta nahiago izan du negoziatzeari uko egin eta grebarako eskubidea etengabe urratzea. Horretarako, ABLEak kontratatu ditu grebalariak ordezkatzeko, eta greban parte hartu ez dutenak saritu ditu hilean 300 euro gehiagorekin. Gainera, 14 grebalari kontratua iraungitzeko espediente batekin ere mehatxatu ditu.

Hori guztia, gainera, Lan Ikuskaritzaren konplizitatearekin izan da, kontzentrazioko deitzaileek ziurtatu dutenez. “Greba-batzordeak behin eta berriz salatu duenez, Ikuskaritzak nahiago izan du beste alde batera begiratu eta bere eginkizunei uko egin. Adibidez, bederatzi hilabete behar izan dituzte txostenak egiteko. Lan Ikuskaritzak 20 hilabete daramatza enpresa bisitatu gabe, batzordeak greba eskubidearen inguruan aurkeztutako salaketak egiaztatu gabe”.

Egoera hori izanik ere, grebarekin jarraitzeko indarra dute grebalariek, eta farmazien aurrean mobilizatzen segituko dute, batez ere Bilbon, Portugaleten, Markina-Xemeinen eta Gasteizen kokatutako Kontseilu Errektoreko bost botika kideen aurrean. Azken horiek baitute gaitasuna Novaltiako zuzendaritza benetan negoziatzera bultzatzeko.