Ogasunek mesedezko tratua eman diete Falciani zerrendako iruzurgileei eta beste batzuri
010ean lau ogasunek zergak erregularizatu zituzten; iruzurgileei hori “borondatez” egiteko aukera eskaini zitzaien, inolako ikuskaritza fiskalik gabe, zigorrik ezarri gabe eta delitu fiskalik salatu gabe. Gainera, ontzat eman zuten HSBCk esatea diru horrek bere kutxetan lau urtetik gora zeramala; ondorioz, diru horren jatorria aitortu ez izanagatik gerta zitekeen iruzur oro preskribatu egiten zen.
ELAren iritziz, ogasunen jokabidea immorala eta oso onbera izan zen Suitzan ezkutatutako kontuen bidez ihes fiskala egin zutenekin.
Ondoren Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ogasunek zergak erregularizatzeko mekanismo ezin merkeagoa ezarri dute; bertoko arautegia iruzurgileentzat leunagoa eta hobea zen Arabakoa eta espainiar estatukoa baino; hau ELAren iritziz benetako eskandalua da.
HSBCko zerrendarekin gertatu dena iceberg-aren erpina besterik ez da. Ogasunek hipokrisia handiz jokatzen dute. Beren laguntzarik gabe honelako gauzak ez lirateke gertatuko. Opazitatea eta paradisu fiskalak amai daitezen lortzeko badira alternatibak, neurri konkretuak, esaterako ELAk fiskalitateari buruzko bere azken txostenean proposatzen dituenak.
Sindikatuaren irudiko ogasunek baztertu egin dute iruzurgileentzako tratua gogortzeko aukera. Benetan konplazentzia instituzionala izugarria da, eta horregatik iruzur fiskalaren jazarpena oso ahula da, edo ez da bultzatzen.
ELAk aspaldidanik eskatu badu ere, ez dago borondate politikorik. Iruzur fiskalak milaka milioi euro biltzeko aukera kentzen die euskal ogasunei. Horregatik, hari jazartzea lehentasuna izan beharko litzateke. Zerga kontuan iruzur egiten dutenei ematen zaien pribilegiozko tratua kontrajarrita dago propagandarekin eta iruzurra prestazio sozialetan kokatzen duten etengabeko mezuekin (betiere murrizketa berriak justifikatze aldera).
Bestalde, Falciani zerrendako euskal izenak ere argitaratzea exijitzen dugu. Hau egin ez izanak agerian uzten du, beste behin, euskal ogasunen ohiko ezkutukeria. Fiskalitatean gertatzen dena ostentzeko interesa dago, gizarte-ereduari buruzko sakoneko eztabaida saihestearren. Ez da harritzekoa, Euskal Herrian ere enpresa, gobernu (Ogasun sailak barne) eta patronalaren artean dagoen joan-etorria ezagututa.