Onartu ezinekoa da dagoen iruzur fiskala eta ogasunen ia dirusarrera guztiak lan-errentetatik etortzea

2015/11/17
Pedro Luis Uriartek atzo agerian utzi zuen zerga-politikarik kontserbadoreena eta antisozialena aldezten duela. Aditzera eman zuenez, enpresek, errenta altuek eta kapitalak zerga gehiegi ordaintzen dute EAEn, eta ELAren Ekonomia Itunari buruzko jarrera “onartezina” da.

Mikel Noval ELAko azterketa bulegoaren arduradunak adierazi du ELAk Itunari eta fiskalitateari buruz duen jarrera erraz azaltzeko modukoa dela: “ELA ez dago Ekonomia Itunaren aurka; bere erabilpena salatzen du, errenta altuei, enpresei eta kapitalari zergak jaisteko baliatu baitute. Gainera, erabilera antisozial horrek ahalbidetu du laneko ez diren errentetan iruzur fiskal itzela egitea. ELArentzat onartezina horixe da”.

Novalek esan duena frogatzeko datu ugari dago, besteak beste honakoak:

  • EAEko presio fiskala BPGd-aren %30,8koa da, eta Europar Batasuneko batez bestekoa, berriz, %39,4koa. Honek esan nahi du hemen ia 6.000 milioi euro galtzen direla urtero. Europarekiko alde hau azken urteetan etengabe hazi da.

  • PFEZean aitortzen diren diru-sarreren %92 lan-errentetatik dator. Portzentaje hau urtez urte hazten ari da (kapital-errentena eta jarduera enpresarial eta profesionalena, berriz, gero eta txikiagoa da).

  • Lan-errentek PFEZean batez beste jarduera enpresarial eta profesionalek aitortzen dituzten diru-sarreren bikoitza aitortzen dute. Alde hau ere gero eta handiagoa da.

  • Sozietateen gaineko zergaren tasa erreala %14,9koa da. Gehien irabazten duten enpresek, hots, handienek, zerga honetan beren etekinen gaineko %6 besterik ez dute ordaintzen.

Novalek esan du ELAk euskal zerga-politika salatzen duela, eta aldatzeko proposamenak plazaratzen dituela. Beste zerga-politika bat egiteko tarte izugarria dago, eta hezkuntzak, osasungintzak zein gizarte-prestazioek eskertuko lukete. Uriartek esatean ELAren jarrera “onartezina” dela agerian utzi du eztabaidaren aurkako bere jarrera; hain zuzen, ez da bat ere tolerantea. Uriartek ez du nahi iruzur fiskalari jazartzerik, eta errenta altuei, enpresei eta kapitalari zergak areago jaistea aldezten du. “Uriartek agerian utzi zuen Esperanza Aguirreren zerga-politikaren zalea dela, adibide gisa aipatu baitzituen ondarearen gaineko zerga zero den hainbat leku”, adierazi du Novalek.

Mikel Novalen esanetan, “Uriarteren hitzaldian lehen lerroan zeudenen argazkia esanguratsua da. Murrizte politikaren aldeko diskurtso batean hainbeste arduradun politiko izateak frogatzen du pentsamolde horrekin bat datozela: politika antisozialen aldeko hautua egiteaz gainera, politika alternatiboak aldarrikatzen ditugunok ez gaituzte onartzen”.

ELArentzat deitoragarria da -amaitu du Novalek- gure herriko zerga-politikari buruzko funtsezko eztabaida honek euskal alderdien artean tokirik ez izatea. Defizit muga eta zor publikoaren ordainaren lehentasuna ontzat ematea eta zerga-politikaren aldaketa sakon bat baztertzea, horietxek dira ogasunen eta Jaurlaritzaren politika neoliberalaren ezaugarriak”.