EAEko Suhiltzaileen Legea

Onartutako testua langileen mobilizazioari eta presioari esker hobetu da

2023/10/24
Eusko Legebiltzarreko taldeek onartu egin dute ELAren hainbat aldarrikapen jasotzen dituen testua, baina gai garrantzitsu batzuk administrazioen esku utzi dituzte.

Atzo onartu ziren Eusko Legebiltzarrean Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendu Legearen Aurreproiektuari Legebiltzarreko taldeek egindako zuzenketak. Zehazki, EH Bilduk aurkeztutako hainbat zuzenketa onartu dira, sindikatuek proposatutakoak (ELAren aldarrikapen garrantzitsuak jasotzen dira) eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege aurreproiektua nabarmen hobetu dutenak. Hala, EAEko suhiltzaileen lehen legearen behin betiko testua onartu da, EAJren, PSEren eta EH Bilduren arteko akordioarekin.

Behin betiko testutik, ELAk honako hau nabarmendu du:

  • Pribatizazioari muga jarri zaio, alde batera uzten baitu suhiltzaile zerbitzuen zeharkako kudeaketa, eta, gainera, zerbitzua funtzionarioek emango dutela jasotzen du. Gainera, suhiltzaile boluntarioaren eta Part Time suhiltzailearen figurak baztertu dira, lan baldintzen prekarizazioa ekar baitezakete.

  • Kolektiboaren aldarrikapen historiko bati erantzuten zaio, eta Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuen funtzioak zehazten dira. Gainera, atea irekiko zaio SPEISek espezialisten zerbitzu propioak sor ditzaten, edozein larrialdiren aurrean modu integralean eta arriskuen balorazioarekin bat etorriz erantzuteko, beren jardun eremuaren barruan.

  • Langileei dagokienez, suhiltzaileen taldea C1era aldatzeko bidea gaitzen du, eta, taldez aldatuz gero, ondorio ekonomikoetarako ezintasuna desagertzen da. Hori bai, administrazio bakoitzaren negoziazio kolektiboarekin lotzen du. Beraz, Legeak ez du behartzen, baina gutxienez ez du eragozten aurreproiektuak jasotzen zuen bezala.

  • Beste gai garrantzitsu bat zerbitzuak eskuratzeko lan eskaintzen kudeaketa da. Aurreproiektuak dena Euskadiko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegira (Arkaute) bideratzen zuen, administrazioetako LEPen diseinua eta kudeaketa. Behin betiko testuak baztertu egiten du Arkautek LEPak diseinatzeko aukera hori, eta, beraz, Arkautek ezin izango ditu LEPak diseinatu, ez oinarriak ezarri, ez eta prozesuetako epaimahaikideak izendatu ere. Administrazioek berek diseinatu beharko dituzte LEPak.

    Puntu honek aurrez aurre talka egiten du Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundien LEP bateratuaren egungo prozesuarekin. Prozesu hau polemikaz, irregulartasun salaketez eta erreklamazio judizialez inguratuta dago.

  • Bigarren jarduera negoziatzeko bidea irekitzen da, jarduera bera bermatuz, nahiz eta administrazio bakoitzak garatu behar duen. Era berean, haurdun dauden funtzionarioak bigarren jarduerako egoerara igaro ahal izango dira aldi baterako, egoera hori egiaztatu ondoren. Bigarren jarduerako egoera hori erditu ondorengo aldian eta/edo edoskitzaroan luzatu ahal izango da, gehienez ere bi urtera arte.

Hau guztiagatik, ELAk ontzat ematen du lege proiektu honekin egin den urratsa, suhiltzaileen mobilizaziorik eta presiorik gabe ezinezkoa izango litzatekeena, eta SPISZko langileei jakinarazten die orain dela unea erakundeei presioa egiteko (hiru aldundiei eta EAEko hiriburuetako hiru udalei), beren eremuetan legea gara dezaten eta negoziazio mahaiak ireki ditzaten LEPei, talde aldaketei, bigarren jarduerari eta abarri buruz hitz egiteko.

Horretarako lehen urratsa urriaren 25erako (asteazkena) deitutako sektore publikoko greba eta mobilizazioak dira.