Ondarroan gertatutako lan istripua salatu du ELAK

2022/05/03
Asteburu honetan Ondarroako Itxasaurre kaleko eraikin bateko fatxada birgaitzeko lanetan izandako lan heriotza salatu du ELAk. Izan ere, Zero Plus Nzeb Berrikuntzak enpresako langile bat hilik aurkitu zuten atzo etxebizitzetako batean. Jada 23 dira lanean hildako langileak. Elkarreratzea egingo da maiatzaren 5ean, ostegunean, Ondarroan.

Susmoa dago heriotza larunbatean gertatu zela, bere lankideei esan baitzien asteburuan obran lan egingo zuela. Antza denez, ikerketaren ondorioen zain, leiho bateko markoak erradialarekin moztean ebaki bat izan zuen eta heriotza eragin zion. 5 hilabete zeramatzan enpresan, Zaragozakoa zan eta 35 urte zituen.

ELAk doluminak helarazi nahi dizkie hildakoaren senide eta lagunei, eta gehiengo sindikalarekin batera elkarretaratzea deituko du maiatzak 5 ostegunean Itsas Aurreko enparantzan goizeko 12 etan, laneko ezbehar-tasa salatzeko eta eraikuntzaren sektorean prebentzio-neurririk ez dagoela salatzeko.
Aurten 23 dira jada Hego EHn izandako lan istripu baten ondorioz hildakoak. Oraindik ez dira argitu istripuaren arrazoiak, eta, beraz, ELAk gertatutakoa ikertzea eskatzen du, erantzukizunak argitzeko.

Eraikuntzaren sektorea da laneko prekarietateak eta, ondorioz, ezbehar tasak gehien kolpatzen dutenetako bat. Kasu honetan, langilea makina arriskutsuekin ebaketa lanak egiten ari zen asteburuan, eta etxebizitzan bakarrik. Enpresan 5 hilabete baino ez zeramatzan, laguntza teknikorik eta giza laguntzarik gabe; hil eta egun batzuetara aurkitu baitute. Laneko prekarietatearen beste adibide tamalgarri bat da.

Denek ezagutzen dituzte ezbehar tasaren kausak, eta horiek eteteko neurriak beharrezkoak eta premiazkoak dira. Erakundeek lehentasunezko leku batean jarri behar dute gai hori, eta prebentzioari buruzko araudia betetzeko eskatu behar diete enpresei. Beharrezko giza baliabideak, prestakuntza eta baliabide materialak jarri behar dira, kontrol eta ikuskapen gehiago eta hobeak egin behar dira, segurtasun neurririk ez dagoela kontrolatu behar da eta kontratazioan iruzur egitea lortu behar da.