Ondarroan gertatutako lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin da

2022/05/05
Asteburu honetan Ondarroako Itxasaurre kaleko eraikin bateko fatxada birgaitzeko lanetan izandako lan heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du gaur ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruk osatutako gahiengo sindikalak.

Asteartean, maiatzak 3, Zero Plus Nzeb Berrikuntzak enpresako langile bat hilik aurkitu zuten Ondarroan berritzen ari zen etxebizitzetako batean. Jada 23 dira lanean hildako langileak.

Susmoa dago heriotza larunbatean gertatu zela, bere lankideei esan baitzien asteburuan obran lan egingo zuela. Antza denez, ikerketaren ondorioen zain, leiho bateko markoak erradialarekin moztean ebaki bat izan zuen eta heriotza eragin zion. 5 hilabete zeramatzan enpresan, Zaragozakoa zen eta 35 urte zituen.

Aurten 23 dira jada Hego Euskal Herrian izandako lan istripu baten ondorioz hildakoak. Eraikuntzaren sektorea da laneko prekarietateak eta, ondorioz, ezbehar tasak gehien kolpatzen dutenetako bat. Kasu honetan, langilea makina arriskutsuekin ebaketa lanak egiten ari zen asteburuan, eta etxebizitzan bakarrik. Enpresan 5 hilabete baino ez zeramatzan, laguntza teknikorik eta giza laguntzarik gabe; hil eta egun batzuetara aurkitu baitute. Laneko prekarietatearen beste adibide tamalgarri bat da.
Denek ezagutzen dituzte ezbehar tasaren kausak, eta horiek eteteko neurriak beharrezkoak eta premiazkoak dira. Erakundeek lehentasunezko leku batean jarri behar dute gai hori, eta prebentzioari buruzko araudia betetzeko eskatu behar diete enpresei. Beharrezko giza baliabideak, prestakuntza eta baliabide materialak jarri behar dira, kontrol eta ikuskapen gehiago eta hobeak egin behar dira, segurtasun neurririk ez dagoela kontrolatu behar da eta kontratazioan iruzur egitea lortu behar da.