Ondarroan lan-istripuz izandako heriotza salatu du ELAk

2008/01/07
ELAk kontzentrazioa burutu du Ondarroako portuan, iragan astean bertan langile bat hil zela salatzeko. Lan istripuak eragozteko neurriak hartzea exijitu die ELAk administrazioei.

Urte hasera honetan, aurreko urtetako ibilbide berdintsua darama estatistikak. ELAren aburuz, estatistiken  zenbaki hotzen atzean, langileen eta euren senitartekoen sufrimenduak eta heriotzak daude. Urteetan zehar kontaezinak bilakatzen ari dira lan istriputan hildako langileak.

ELAk hildako langilearen senitartekoei bere elkartasuna eta dolumina adierazi nahi die. Bestetik, honelako egoeren aurrean ELAk irmoki salatuko ditu babes neurrien gabeziak eta lan istripuak sortarazten dituzten egoerak. Administrazioei, berriz, bere erantzukizunak bete eta honelakoak gehiago ez gertatzeko beharrezko neurri eta baliabideak jar ditzaten exijitzen die ELAk.