Ondulineko langileek greban jarraitzen dute

2016/06/03
Ondulineko langileek manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean enpresatik hasi eta Gallartako Udaletxeraino, lan-baldintzen prekarizazioa salatzeko asmoz. Langileek bigarren astea beteko dute greban.

Onduline “bajo teja” da lantegi honen eslogan komertzial ezaguna; enpresaren jarduera eraikuntzako materialen handizkako salmenta da. Gallartako lantegia 1999an ireki zen, eta 2014an produkzio-lerro berri bat inauguratu zen; ekitaldian izan ziren hainbat udal- eta foru-agintari eta Jaurlaritzakoak. Orduan ez zen aintzat hartu enpresaren bideragarritasuna, eta are gutxiago langileen baldintzak.

Ondulineko grebaren helburua da lantegiaren etorkizuna bermatzea, lanpostuak mantenduko direla ziurtatzea, eta lan-hitzarmen egoki bat negoziatu ahal izatea. Enpresak ez ei du iraganaz hitz egin nahi; etorkizuna besterik ez du gogoan. Baina zer etorkizun izango dute bertan lan egiten dutenek soldatak %15 jaitsi eta ordutik izoztuta badaude?

Plantillak hitzarmen bat nahi du Ondulineko beharginen arteko desberdintasunak areagotuko ez dituena; malgutasun neurrigabeari bide emango ez diona, eta beste lantokietara lekualdatzeko aukera galaraziko duena. Xantaia eta inposiziorik gabe negoziatu nahi du; enpresak ezin du greba-eskubidea urratu, ezta mehatxuak bota ere, esaterako hitzarmena negoziatzen ari zen bitartean enpleguan etenaldia ezartzeko espedientea egingo zuela iragarri zuenean bezala.