Konecta, Iberdrolaren azpikontrata, lan erreformaz baliatu da langileak kaleratzeko, absentismoa egotzita
Konecta BTO enpresa, Iberdrolaren bezeroak artatzeko zerbitzuaren azpikontrata, PP Gobernuaren azken lan-erreformaz baliatu da 18 emakume langile kolokan uzteko. Haietako 11 kaleratu dituzte, Langileen Estatutuaren 52 artikuluaren gaixotasunagatiko lan-absentismoa aplikatuz; eta gainerako 7ei Bartzelonara aldatzea hilabeteko epean proposatu diete; baina, lekualdatzeari uko egitekotan, kalera bidaltzeko mehatxua eginez, legean ezarrita dagoen bezala. Enpresak erabakia bere kabuz hartu eta gero, enpresa-batzordeari jakinarazi dio, enpresa berrantolatzeko beharra argudio bakar gisa erabiliz.
Gainera, eman nahi dituzten kalte-ordainak urte bakoitzeko 20 egunekoak dira, urtebete eta bi hilabete izanik gehienezko antzinatasuna, orduan hartu baitzion lekukoa aurreko kontratari (Customer). Baina, horrela, Konectak ez du beteko subrogazio-beharra, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren epaiaz aitorturik dagoena.
ELAk Konectan duen Atal Sindikalak mobilizazioak iragarri ditu, lehena bihar bertan, martxoak 2, izango da enpresaren egoitzaren aurrean eguerdiko 12,30etan. Elkarretaratze horren bidez Konectaren jokabidea salatuko da jendaurrean, bai eta Iberdrolak —egundoko etekinak dituen enpresa horrek— ematen dion sostengua ere.