"Opor fiskalen" zerga-bilketan gardentasuna exijitzen die ELAk Foru Aldundiei

2012/08/03
Gai honekiko Aldundiak erakusten ari diren gardentasun eza salatu nahi du ELAk. Dirutza hori biltzeko nolako erabakiak hartu dituzten Aldundiek ez dute ezagutzera eman. Onartezina da Foru Ogasunen arduradunek gai hauek tratatzeko duten gardentasun eza.

“Opor fiskalak” deiturikoak onartu zirenean, ELAk exijitu zuen bertan behera uztea enpresentzat pribilegiozko trataera ekartzen zutelako. “Opor” haiek ogasun publikoentzat 700 milioi euro baino gehiagoko kostua ekarri zuten eta Europak legez kanpokotzat jo zituen.

Gai honekiko Aldundiak erakusten ari diren gardentasun eza salatu nahi du ELAk. Dirutza hori biltzeko nolako erabakiak hartu dituzten Aldundiek ez dute ezagutzera eman. Onartezina da Foru Ogasunen arduradunek gai hauek tratatzeko duten gardentasun eza. Gogoratu beharrekoa da arduradun horiek beraiek denbora luzean dirutza guztia bilduta zegoela defendatu zutela ,-egia ezkutatuz-. 

ELAren iritziz, egoera onartezina da. Ogasunetako arduradunen adierazpenak errepasatzen badira kezka are eta handiagoa da. Bizkaiko Ogasunetik gai honi buruz esana dute “Confebask-ek eskaturikoa egin zutela”, patronalarekiko duten lankidetza estua erakusteko inongo arazorik ez dutelarik. Duela aste gutxi zenbait hedabidetan agertzen zenez, Ogasunen bat (Arabakoa nonbait) negoziatzen ari zen zorra “en especie” ordain zezaten  eta “prezioen neurriz kanpoko balorazioa” onartuko lukeela. Gaia argitu ezean guztiz zilegi da pentsatzea patronala eta Ogasunen artean trikimainaren bat burutzen ari dela enpresak ordainketa horiek ekiditeko.

ELAk ez du onartzen, beste behin, Foru Aldundiek egiten duten Itun Ekonomikoaren erabilera maltzurra. Errenta altuak eta kapitalarenak lehenetsi eta babestu egiten dituzten politika fiskalak defendatu eta onartzen dituzte; politika hauek krisiaren sorreran egon dira eta, zoritxarrez, aldatu gabe jarraitzen dute, nahiz eta jakin gastu sozialaren murrizketa dakartela eta herritar gehienon bizi baldintzen okertzea. Zergapetu gabeko errentek kontrako bi ondorio eragin dute funtsean: lehenik, kapitalak saihestera eta espekulaziora joan direla- hein handi batean-, eta bigarrenik, sektore publikoaren deskapitalizazioan lagundu dutela. Egungo egoera are eta larriagoa da jokabide hau.

ELAk exijitzen du bidegabea eta antisoziala den Itun Ekonomikoaren erabilerarekin amaitzea. Hori izan da gure herriko ohiko ezaugarria, bai onartu diren erreformetan eta baita dagoen iruzur fiskalari aurre egiteko ezezkoan. Egun inoiz baino presazkoa da goitik beherako aldaketa politika fiskalean: ezinezkoa da elkartasun politika burutzea erabaki horiek aldatzen ez badira. 

ELAk Hego Euskal Herriko instituzio orori dei egiten die bere aurrekontuak behar sozialak lehenetsi ditzaten, eta ez murrizketak.