Nafarroako enplegu plana

Ordezkaritza sindikalaren %50 baino gutxiagorekin sinatutako Enplegu Planak mutuei botere handiagoa ematen die baja arruntetan

2025/03/11
ELAk prentsaurreko batean salatu du elkarrizketa sozialak ez duela eraginkortasunik langileen arazoak konpontzeko, besteak beste, siniestralitatea, pobreziaren gorakada, behin-behinekotasuna (batez ere Administrazio publikoan) eta prekarietatea. Gainera, Enplegu Plan honek ez du zilegitasun demokratikorik, Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %50ek baino gutxiagok sinatutakoa delako.

ELAk prentsaurrekoa eman du gaur Nafarroako Gobernuak, CENek, UGTk eta CCOOk sinatu berri duten Enplegu Plana baloratzeko. Enplegu Plan hau, aurreko guztiak bezala, seigarrena baita eta 2.000 milioi euro baino gehiago gastatuak baitadue, ez da eraginkorra langileen eta enpleguaren arazoak konpontzeko. Porrot egin duen politika da, eta ez die aurre egiten gero eta langile gehiagok jasaten duten prekarietatea sortzen duten arrazoiei. Enpleguaren errealitateak agerian uzten du elkarrizketa sozialaren politiken porrota.

Enplegu Plan honen lehentasunak patronalak finkatu ditu, eta bere interesen aurkako edozein neurriri betoa jartzeko eskubidea izateaz gain, onura gehien ateratzen diona da patronala. Plan honetako 552 milioi euroetatik erdiak enpresentzako dirulaguntza eta laguntzetara bideratuko dira "lehiakortasunaren" itzalpean. Gainera, negozioaren ikuspegitik soilik ulertzen diren proiektu guztiz kaltegarriak, bai ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik, estrategikotzat jotzen dira, hala nola AHT.

ELArentzat mingarria da siniestralitateari aurre egitea lehentasuna ez izatea. Ezbehar tasak markak hautsi eta astero pertsona bat lan istripuz hiltzen den garaian, Enplegu Planak eraginkorra ez den Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figura kontsolidatzen du, UGT eta CCOO finantzatzeko, mutuei baja traumatologikoen tratamendurako bidea irekitzearen eta patronalaren kontrola areagotzearen eta osasunaren pribatizazioan aurrera egitearen truke. Siniestralitatearen arazo nagusia da prebentzio araudia sistematikoki urratzen dutela enpresek, eta Nafarroako Gobernuak horren erantzukizuna bere gain hartu behar du.

Planaren helburua sinatzaileak finantzatzea da Gobernuaren politika antisozialak legitimatzearen truke. Izan ere, Gobernuak ez du inolako konpromiso zehatzik hartzen, ezta sektore publikoan behin-behinekotasuna murrizteko ere, nahiz eta Nafarroako enplegatzaile handiena izan.

Horregatik guztiagatik, ELAk salatu du Enplegu Plan berriarekin PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekin alderdiek bere egiten dituztela Sanzen eta Barcinaren garaiko langile klasearen aurkako politika antidemokratikoak.

Txosten osoa irakurri