Oroitzapen Historikoari buruzko ebazpena aurkeztu da

2008/09/26
ELAk Oroitzapen Historikoari buruzko ebazpena aurkeztu zuen Iruñan irailaren 26an. Ebazpena azaroaren 26 eta 27 Bilbon egingo den XII. Kongresuan eztabaidatuko da. Memoria berreskuratu eta osatzea justiziako eginbeharra da, ELAren esanetan.

Memoria eta justizia ahazte ofiziala gainditzeko

1936ko altxamendu militarraren ondoren ezarri zen erregimen faxistak Hego Euskal Herrian errepresio handia eragin zuen. Beste erakunde askok bezala, ELAk larrutik ordaindu zuen demokraziaren aldeko borroka: afiliatu asko eta asko espetxeratu egin zituzten, kontzentrazio-eremuetan sartu, exekutatu edota halabeharrez erbesteratu ziren; sindikatuak berak “era guztietako eskubideak eta ondasunak guztiz galdu” zituen.

Bereziki eragina izan zuten Hego Euskal Herrian emandako errepresio militarra, politikoa, soziala eta kulturalek, nahiz eta ñabardura bereziak  eta osatze maila ezberdinak izan, lurralde bakoitzaren arabera.   Nafarroan gerra-fronterik ez zen izan, baina errepresio berezia pairatu zen: mendeku hutsez 3.400dik gora lagun hil egin zituzten. Pertsona hauen delitu bakarra Nafarroa justuago, solidarioago, euskaldunago baten alde lan egitea edota lur komunalak defenditzea besterik ez zen, eta kupidagabe garbitu zituzten. Gure jendearen artean izua hedatu zen, eta gainera urte askotan hiltzaileen eta egintza horien onura izan zutenen harrokeria jasan behar izan zuten. Urte horietan, gainera, oraindik hein handian hor dirauten botere- eta eragin-egitura batzuk ezarri ziren, oraindik ere funts demokratikorik nahiz gardentasunik gabekoak.

Biktimen samina, eta areago, biktimak bazirenik ere, ez zen inoiz aitortu; kaltedunak eta senideak ezer gertatu ez bailitzan bizitzera makurrarazi zituzten, dolurik izateko aukerarik gabe, hilobi eta bide ertzetan lurperatuta zeuden hildakoen alde malkorik isurtzeko modurik gabe. Halere, haietako askok duintasunari heldu zioten, diktadorearen heriotzarekin demokrazia eta memoria berreskuratuko zirelakoan.

Alabaina, sufritutakoaren amnesia izan zen Espainiako trantsizio politikoa deitutako prozesu haren oinarrietako bat –lurralde-zatiketa eta sistema politiko monarkikoa ziren beste ezaugarri batzuk–; galtzaileek ahaztuko zutelako baldintzapean eman zitzaion bidea nazioarteko mailan homologatua izango zen erregimen ‘demokratiko’ hari.

ELAk uste du memoria berreskuratu eta osatzea justiziazko eginbeharra dela. Hurrengo belaunaldiei hain gertakari bortitzen berri eman behar zaie, eta hildako zein jazarritakoen senideei dolua eta egia zor zaie. Baina gainera, sindikatuaren iritziz oroitzea bere helburu duen aldaketa politikoaren baldintza  ere bada; izan ere, indarrean den sistema politikoaren mamia memoria aintzat hartzen duen edo ez baitago. Memoria berreskuratzeko borrokan egin daitezkeen urratsak aldaketa politiko hori bideratzeko lagungarri izango dira.

Hori guztia dela eta, kongresu konfederal honek botere publikoei exijitzen die onar ditzatela memoria berreskuratzeko lanean diharduten taldeek Memoria Historikoaren Legean planteatu dituzten aldaketak. Soilik Errepublikaren aurka matxinatutako militarren errepresioa eta erregimen frankista –Elizaren botere-egiturak babesturik- jasan zuten biktimek behar dute ordain morala eta aitortza juridiko zein politikoa. Gainera, lege batek diktadura gaitzetsi behar du eta erabili zituen errepresio-organoen zilegitasuna ukatu, Ardura Politikoen Auzitegitik hasi eta Ordena Publikoaren Auzitegiraino, baita hauek emandako sententziak ere.

Kongresu honek Iruña eta Gasteizko gobernuei galdegiten die ken ditzatela gure herri eta auzoetan erregimen frankistaren ikur guztiak, diktadura jasan zutenentzat iraingarriak baitira. Demokrazia bat ezin da indartu erregimen kriminal bat goraipatzen duten sinboloak irautearen injustiziarekin.

Halaber, errepresaliak jasan eta klandestinitatera bortxatu zituzten erakunde guztien izen ona eta ohorea berreskura eta aitor daitezela exigitzen dugu, baita altxamenduaren ostean konfiskatu ziren ondasunen erabateko konpentsazioa ere.

Era berean, erakunde publiko nahiz pribatuek, eliza katolikoa barne, gaiaz duten informazioa eskuratzeko erraztasunak eman ditzaten esijitzea nahitaezkoa da, hartara gertaturikoa osotasunez jakin eta memoria berreskuratzea ahalbidetuz.

Ebazpen honekin eskola, soro, etxe eta lantokietan gure herriarentzako askatasun eta justiziazko etorkizun baten alde lan egin zuten haien lekukoa hartzen du berriro ELAk.