Osakidetza akordio sindikalak erosten saiatzen ari da hauteskunde mesedeak eskainita
2014ko abenduaren 4an burututako azken grebaren ondoren, Osakidetza sindikatu guztiak bilateraletara deitzen ari da, ELA ezik, ELA harreman guztietatik kanpo utzi baitu.
Osakidetzaren bazterketa honek ELAk lan-murrizketak eta zerbitzu-murrizketak ez erlatibizatzeko erabaki irmoari erantzuten dio. ELAk behin baino gehiagotan errepikatu du gure sindikatuarekin akordioa itxi nahi duenak burututako murrizketa ezberdinak bueltatu behar dituela, bereziki lau eremutan: galdutako enplegua berreskuratzea, kontratazioaren kalitatea hobetzea, lan-kargak murriztea eta zerbitzuaren kalitatea ziurtatzea. Osakidetzak ez du inolako urratsik eman nahi zentzu horretan eta horregatik baztertu du ELA bere aldebiko harremanetatik.
Are gehiago, batasun sindikala eta mobilizazio berriak ekiditeko saiakera itsu batean, Lan Harremanen Zuzendaritza lan-baldintzez kanpoko gaiak eskaintzen hasi zaizkie bilateraletan parte hartzen duten sindikatuei. Zehazki, hauteskunde sindikalen eremuak aldatzea eta hauteskunde horietako emaitzak baldintzatzea eskaintzen ari da batasun sindikala puskatzeko prest egon zitezkeen sindikatuei mesede egiteko. Hauteskundeen manipulazio honek sindikatuen ordezkaritza aldatu nahi du eta ELAk ordezkatzen duen sindikalismo erreibindikatzaile eta autonomoa zigortu.
Darpon Sailburuak ELAri akordiotara iristeko borondate eza leporatu zion. ELA harreman guztietatik baztertzeak argi erakusten du Sailburuak berak ez duela akordiotarako borondaterik. Sailburuak komunikabideei gezurrak igortzen dizkie, orain hauteskunde sindikalak manipulatzen saiatzen ari da. Ziur gaude gainerako sindikatuek ez dutela joko horretan parte hartuko. Ez da batasun sindikala bakarrik jokoan dagoena, langileen lan-baldintzak eta osasun publikoaren zerbitzuaren kalitatea daude jokoan. Delegatu batzuek ez dute horrenbeste balio.