OSAKIDETZA
Osakidetza, duela lau urte baina okerrago

Ekainaren 17an ELAk agerraldi publikoa egin zuen Osakidetzak bizi duen egoera larria salatzeko. Larria, eta urtez urte are eta larriagoa. Hala azaldu zuen ELAk Osakidetzan duen arduradun Esther Saavedrak. “Osakidetzak udarako iragarritako murrizketen arabera, Lehen Arretako 126 zentrotan (guztira 339 daude) hainbat murrizketa egingo dira ekainetik irailera. Halako murrizketak 2022ko uztailetik aurrera aplikatu ziren, eta aurten orduan baino hilabete lehenago hasiko dira ezartzen”.
Zoritxarrez, murrizketak ez dira udarara mugatzen. “Lau hilabetez luzatuko diren murrizketa horiei batu behar zaizkie Gabonetan eta Aste Santuan egindakoak. Ondorioa oso larria da: Lehen Arretako zentroek murrizketa zuzenekin (itxierak, ordutegi murrizketak) funtzionatzen dute urtean 180 egun. Urte erdia baldintza horietan jarduten dute, beraz. Azpimarratu behar dugu ere, gainerako 6 hilabetetan, ordezkapen falta, hutsuneak eta langile falta ere badagoela”.
1.000 mediku txanda inguru bete gabe udan
Lehen Arretako zentroen egoera larria bada, Etengabeko Arretako Guneetan egoera are larriagoa da, Saavedrak salatzen duenez.
“2022ko ekainean lehen aldiz zabaldu ziren gune horiek osasun talde osorik gabe, zehazki medikurik gabe. Bi urteren buruan, egoera hori egiturazkoa eta ohikoa bihurtu da urte osoan. Oso agerikoa da egoera, adibidez, Barrualde-Galdakao ESIko EAGetan (esaterako, Laudio, Basauri, Zornotza, Ondarru edo Lekeitio) edo Donostialdea ESIko EAGetan (Hernani, Iztieta edo Zarautz). Egoeraren neurria ematen du Osakidetzak berak onartutako datu honek: udan medikuen 1.000 txanda inguru ez dira beteko”.
“Hori gutxi ez, eta Osakidetzak ere planteatu du egun batzuetan irekita egongo diren osasun zentroetan medikurik ez egoteko aukera badagoela. Errealitate hori ere ohikoa bihurtu da anbulantzia medikalizatuetan”.
Beste kategorietan ere hutsune nabarmenak daude. ELAk ekainaren 17ko agerraldian publiko egin zituen datuak oso kezkagarriak dira. Osasun zentro batzuetan ez dago pediatrarik (Osakidetzak berak emandako datuen arabera, otsailean 41 pediatra lanpostu zeuden bete gabe Lehen Arretan); eta beste batzuetan, oporraldietan, ez dago emaginik. Gainera, ez dira oporrak eta erretiroak ordezkatzen, eta horrek esan nahi du lan karga are handiagoa dela. Otsailean, 151 Lehen Arretako mediku lanpostu zeuden bete gabe. Ondorioz, Lehen Arretako egoera beste zerbitzuetara hedatzen da, bereziki ospitaletako larrietara. Adibidez, ohikoa da Gasteizko ospitaleko larrialdiak gainezka.
Belaunaldi aldaketarako plan bat
ELAk behin eta berriz salatu du egoera hori erabaki politikoen ondorioa dela. Langileen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa izanik, Osasun Sailak ez du belaunaldien erreleboa planifikatu, eta premiazkoa da. Hiru urteetan (2023-2025) 1.454 mediku eta 912 erizain jubilatuko dira Osakidetzan. Gainera, plantillaren erdia baino gehiago behin-behinekoa da, lan kargak ugaritzen ari dira, ez dira ordezkapenak egiten, kontziliazio neurriei zailtasunak jartzen zaizkie…
Hau guztiagatik, Esther Saavedrak belaunaldi aldaketarako plan bat exijitzen du. “Profesionalak egon badaude, baina ez dute lan baldintza horietan lan egin nahi. Horregatik, osasun pribatura edo atzerrira joaten dira. Mediku Elkargo Erakundearen arabera, 2021ean atzerrian lan egiteko ziurtagirien eskaeren errekorra eman zen: 4.130 guztira Espainiar estatuan. Eskaera gehien dituen espezialitatea familia-medikuarena da. 4.130 eskaera horietatik, 78 EAEko medikuei dagozkie”.
“Osasun Sailari langile eskasiari aurre egiteko plan bat eskatzen diogu, profesionalek karrera profesionala Osakidetzan garatu nahi izateko baldintzak sortu behar dituena. Zoritxarrez, Jaurlaritzak soilik aparteko orduak ordaintzeaz hitz egiten du, baina lan baldintzak oro har hobetu ezean, Osakidetzaren egoerak okerrera egingo du”.