Osakidetzak 1.481 lanpostu suntsitu ditu 2013an

2014/09/03
Osakidetzak ezkutukerian aritzen denez, bere auditorearen bitartez konfirmatu ahal izan dugu ELAk aurretik zioena, 2012tik 2013ra Osakidetzak1481 lanpostu suntsitu dituela, alegia. Horrez gain langileon soldatetan %0,1 gutxiago gastatu arren, zuzendaritzako postuen soldatetan gastua %18,29an hazi da.

Osakidetzako zuzendaritzak sindikatu eta gizarteari bere jardueraren datuak ezkutatu ohi dizkio eta propaganda bitartez bere burua zuritzen saiatzen da. Deloitte etxeak egindako auditoriari esker konfirmatu ahal izan dugu ELAk salatu izan dituen hainbat gai.

Batetik, auditorearen arabera 2012tik 2013ra bataz beste 1481 langile gutxiago kontratatu ditu Osakidetzak. Jaitsiera hau lanaldiaren igoeraren ondorioa da eta gehitu egin behar zaizkio 2010 eta 2011an suntsitutako beste hainbat lanpostu. Honek ELAren 3.000 lanpostuen suntsiketa konfirmatzen du.

Horrez gain, soldaten gastua jaitsi arren zuzendaritzarena %18an hazten da Deloitte-ren arabera. Honekin ere Osakidetzak egindako propaganda gezurtatzen da, ez da egia zuzendaritza gastuak murrizten ari direnik, guztiz kontrakoa.

Bukatzeko, Euskara Planarekiko borondate falta ere oso argi azaltzen da. 2013an Osakidetzak zuzenean 206 langileri bakarrik eman dizkie trebatze ikastaroak. Argi dago gai honetan ere publizitatea eta errealitea oso bestelakoak direla.

Pena da auditoria honetan Eusko Jaurlaritzak propagandan egindako gastua ez azaltzea, legez zalantzazko gastuak barne. Osakidetzak salaketak egiten ditugunean alarma sortzeaz arduratzen gaitu, arazoa da zuzendaritzaren jarduera benetan alarma pizteko modukoa dela.

Honi buelta emateko eta gizarte honek merezi duen osasun publikoa defendatzeko ELAk mobilizazioak bultzatzen jarraituko du.