Osakidetzak %60ko fidagarritasuna daukan koronabirusaren test bakarra egingo dio plantillaren zati bati

2020/04/28
Segurtasun eta Osasun Batzorde Korporatiboak apirilaren 28an egindako bileraren ostean, ELAk salatu du Osakidetzak ez duela langileen segurtasuna eta osasuna bermatzen. Izan ere, nahiz eta Euskal Osasun Zerbitzuak jakinarazi duen koronabirus-testak egingo zaizkiela langile guztiei - Berezkoei zein azpikontratatutakoei -, horien fidagarritasunak ez du aukerarik ematen langile guztiak kutsatuta dauden edo kutsatuta egon diren jakiteko. Arreta berezikotzat jotzen diren kasuetan, %90eko fidagarritasuna eskaintzen duen beste proba batekin osatuko da hori.

Bi test mota erabiliko dira: PCR eta antigorputzen proba. PCRak birusa gorputzean aktibo dagoen detektatzen du (gaixo bazaude) eta% 90eko fidagarritasuna dauka. Antigorputzen probak detektatzen du ea zure gorputzak gaixotasuna pasatu duen eta antigorputzak sortu dituen. Proba honek bi arazo ditu: lehena, kutsatu zenetik 10 edo 15 egun igaro arte, pertsona batek ez duela antigorputzik sortzen, kutsatuta egon arren; eta bigarrena, %60ko fidagarritasuna duela, Osakidetzak berak bileran aitortu duen bezela.

Hori horrela izanik, Osakidetzak erabaki du arreta berezikotzat jotzen diren langileen kolektiboei (funtsean, COVID 19 gisa kalifikatutako arloetan lan egiten dutenei edo lan egin dutenei) bi probak egingo zaizkiela. Baina, gainerakoei antigorputzen proba bakarrik egingo zaie. Horrek ondorio bikoitza du: alde batetik, kutsatuta dagoen baina oraindik antigorputzik garatu ez duen (eta sintoma gutxi edo batere ez duen) langile baten aurrean egon gaitezke; beraz, proba negatiboa izango da baina langileak lankideak eta pazienteak kutsatzen jarraituko du. Bestalde, %40ko aukera dago emaitza okerra izateko.

Egoera hori eta lantokietan bizi den errealitatea ikusita, ELAk honako hau aldarrikatu du:

  • Langile guztientzako PCR eta antigorputzen proba, salbuespenik gabe (kontratua amaitu duten, aldi baterako ezintasun-egoeran dauden edo beste absentzia batzuk dituzten langile guztiak barne), bai langile propioei bain azpikontratatuta daudenei. Ezinbestekoa da, segurtasuna eta osasuna babestearen ikuspegitik, kolektiboaren egoera ezagutzea, ohiko jarduerari berriro ekin ahal izateko eta premiazko jarduera eta COVID 19ri dagokiona behar bezalako bermeekin egin ahal izateko, bai profesionalentzat, bai pazienteentzat.
  • Ezinbestekoa da, halaber, proba horiek paziente guztiei egitea ospitaleratu, ebakuntza egin edo proba diagnostikoa egin aurretik, patologia edozein dela ere. Era berean, prebentzio eta babes neurriak hartu behar dira gainerako arreta mailetan.
  • Erretiratutako maskara akastunak erabili zituzten langile guztiak isolatzeko eskatu dugu berriro, haien PCR positiboa edo negatiboa den jakin arte. Positiboa bada, langile horrekin kontaktua izan duten profesional guztiei PCR bat egitea eskatu dugu berriro ere.
  • Kasu batzuetan, oraindik, Babes-material nahikorik eta egokirik ez dagoela ikusirik, gogorarazi nahi izan dugu Osakidetzak bete egin behar duela EAEANren Autoa, Auzitegiak berak berretsia, zeinak eskatzen baitio langileei berehala eta presaz babes-material nahikoa eta egokia emateko. Funtsezko hiru gai azpimarratu ditugu: babes-materiala birziklatzeari eta berrerabiltzeari utzi behar zaio, sistematikoki egin den berrerabilpena izanik. Babes manparak eman behar zaizkie pazientearen arretarako langileei, kutsadura kopuru nabermena duten kolektiboa izanik. Eta behar den materiala eman behar zaie kategoria guztietako langileei, sanitarioei eta ez-sanitarioei, inolako bereizketarik egin gabe.