Osakidetzak akordio bat sinatu du Mutualiak pazienteen historia mediko osora sarrera izateko

2022/05/19
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Mutualiaren egoitzaren aurrean, datu medikoen konfidentzialtasunerako eskubidea urratzen duen esku-hartzea salatzeko.

Osakidetzak eta Mutualiak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute bi erakundeetako medikuek pazienteen historia mediko osora sarrera izan dezaten. ELA, LAB, ESTEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuek osasun publikoaren pribatizazio dela salatu dute gaur Mutualiaren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean, eta historia medikoak ugazaben interesen mesedetan sartzea dela kritikatu dute.

Mutualia da Euskal Autonomia Erkidegoko Mutua handiena, eta hitzarmen honek Mutualiak estalitako langileei eragingo die, 422.000 inguru. Gainera, akordio honek bidea irekitzen du beste mutuek bide bera jarrai dezaten.

Mutualitateak ugazaba-elkarte pribatuak dira, eta, erreformaz erreforma, eskumenak irabazi dituzte kontingentzia medikoak kudeatzeko orduan. Sindikatuek urteak daramatzate mutualitateen jardunbide txarrak salatzen, kontingentzia bat lanaren ondoriozkotzat aitortzerakoan edo errekuperazio egokirako beharrezkoak diren baja egunak errespetatzerakoan; izan ere, mutuek irizpide ekonomikoak eta errentagarritasunekoak lehenesten dituzte irizpide medikoen aurretik.

2014an, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren erreforma batek Mutualitateek Mutuetako profesionalen historial klinikora sartzeko atea ireki zuen, baina, azkenean, Datuak Babesteko Legeak hori garatzea eragotzi zuen.

Osakidetzak eta Mutualiak sinatutako hitzarmenak datu medikoen konfidentzialtasunerako eskubidea urratzen du, eta, gainera, osasun sistema publikoan medikuaren eta pazientearen arteko harremana larriki kaltetu dezake; izan ere, baliteke beren historian arreta edo kalteak agertzea nahi ez izatea, eta, ondorioz, beren lan bizitzan haien aurka erabil daitezke.