Osakidetzak negoziazio-mahaia hautsi du

2016/07/20
Osakidetzak amaitutzat jo ditu lan-baldintzen negoziazioak, eta berriz ere alde bakarretik ezarriko ditu langileen lan-baldintzak.

Osakidetzak jakinarazi die sindikatuei negoziazioak amaitutzat jo dituela, eta elkarrizketarako aukerak legegintzaldi honetan bukatu direla. Ez dute batere akordiorik lortu mahaian ordezkaritza duen ezein sindikaturekin, ezein gaitan.

Osakidetzak ez du fede onez jokatu negoziazioan zehar. Sindikatuok behin eta berriz eskatu diegu plantillaren gaineko informazioa guri emateko (egungo lanpostu guztiak betetzen ari diren modua adieraziz), baina informazioa ezkutatu digute. Dokumentazio hori izatea ezinbestekoa da negoziazioan funtsezko gaiei buruzko proposamenak egin ahal izateko: EPEak, plantilla ugaltzea edo lekualdatze-lehiaketak. Eta Osakidetzak informazioa ezkutatu du, plantillaren lan-prekarietatea isilgordean mantentzeko.

Gainera, Osakidetzak ez ditu ontzat eman nahi sindikatuen aho batezko proposamenak, zenbaitetan gastu gehiagorik ekarri ez arren. Adibidez, lekualdatze-lehiaketa batean parte hartzeko aukera Osakidetzaren kategoria guztiei eskaintzea, eta plaza huts guztiak eskaintzea; bestela esanda, etxetik urrun bizi diren langile finko guztiei etxera hurbiltzeko aukera ematea, plaza hutsak egonez gero. Eta, ezta proposamen hori ere, ez dute jaso.

Osakidetzak bere agintekeria erakutsi du berriz ere. Ez dute borondaterik izan sindikatuen proposamenik onartzeko, eta gogoan izan duten asmo bakarra bere burua zuritzeko gure oniritzia jasotzea izan da, zertarako eta behin-behinekotasunaren tasa %35 inguruan mantentzeko neurriak hartzeko, lan-karga jasanezinak ezartzeko, eta 3.000 bat lanposturen suntsipena mantentzeko.

ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok uko egin diogu estrategia horretan parte hartzeari, murrizketak zuritzeko baino balio ez duelakoan; eta aurka egingo diogu berriro ere Osasun Zuzendaritza horri. Legegintzaldia aurki amaituko da, eta Zuzendaritza hori ez da gai izan Osakidetzan ordezkaritza duen ezein sindikaturekin funtsezko akordiorik lortzeko.