Osakidetzak behin-behineko anestesisten leku aldatzea behartu nahi du EPEko iruzurra salatu zuten anestesisten hutsunea betetzeko

2022/10/14
Bizkaiko ospitale bateko anestesista bati ez diote kontratua berritu uko egin diolako lekualdatzeari

ELA sindikatuak urteak daramatza Osakidetzako langileen eskasia salatzen, eta ondorioak agerikoak izaten hasi dira. Orain arte, Lehen Arretako medikuen, erizainen edota emaginen eskasia nabaria izan bada, orain beste espezialitate batzuetan ere gertatzen ari da, Anestesian, esaterako.

Testuinguru horretan, Arrasateko Ospitaleak erabaki du are gehiago prekarizatzea lan baldintzak. Ospitaleko anestesisten lan baldintzak tamalgarriak dira, eta, horren ondorioz, 3 anestesistek utzi dute ospitalea (horien artean daude EPEko iruzurra salatu zuten bi profesional, biak erelan baldintza kaskarrak pairatu dituztela salatu dute), 5 langileko plantilla batean. Horren ondorioz, egungo plantilla 2 anestesistakoa da.

Egoera horren aurrean, lan baldintza kaskarren ondorio zuzena izanik, Osakidetzak erabaki du arazoari irtenbidea emateko bidea ez dela lan baldintzak duintzea, baizik eta kolektibo horren eskubideak urratzea, mehatxupean, Arrasateko Ospitalean kontratuak onartzera behartuz. Izan ere, Osakidetza behin-behineko antestesistak mehatxatzen hasi da, ospitalez aldatu eta Arrasatera joateko xantaia onartzen ez badute, kontratua ez dietela berrituko esanez. Hori ezkutuko kaleratze bat da praktikan. Jada Bizkaiko anestesista bati ez diote lan kontratua horregatik berritu, kasu.

Legez, Osakidetzak une bakoitzean aukeran dauden kontratuak eskaini behar dizkie kontratazio zerrendetan dauden langileei. Gaur egun hainbat ospitaletan aldi baterako lanean ari diren profesionalen aurrean gaude. Hori horrela izanik, eta ospitale horietan bertan edo gertuko beste batzuetan kontratuak dauden arren, Osakidetzak uko egiten dio kontratu horiek eskaintzeari, langile horiek horretarako eskubidea daukaten arren. Beraien kontratuak berritzeko jartzen dieten baldintza da Arrasateko Ospitalera lanera joatea. Araudian ezarritakoa urratzen duen xantaia baten aurrean gaude.

Langile eskasiaren aurrean, ELAk behin eta berriz azpimarratu du, aurreikuspen eta planifikazio falta nabarmenaz gain, ez dagoela lan baldintza onik, eta horren ondorioz, eskuragarri dauden langileek Osakidetzatik alde egiten dutela.

Hala, beste behin ere, Osakidetzak berak eragindako egoera bat konpondu nahi du, lan baldintzak are gehiago prekarizatuz eta langileen eskubideak urratuz.