Dialbilbo
Osakidetzak azpikontratatutako dialisi zerbitzuak ez du gutxieneko zerbitzua betetzen

Bilboko Osakidetzako dialisi zerbitzua Fresenius Medical Care enpresak eskaintzen du, eta ez ditu betetzen osasun erakundeek osasun publikoko pazienteei kalitatezko zerbitzua eta bermeak emateko gomendatutako gutxieneko estandarrak.
Dialbilbo enpresak, batez beste, 1.400 dialisi egiten ditu hilean Bilbon, (urtean 16.000 baino gehiago), Osakidetzak zuzenean bideratzen dituen pazienteei, Osakidetzarentzat soilik egiten baitu lan %100eko finantziazio publikoarekin.
Dialisi tratamenduetarako osasun erakundeen gomendioei jarraikiz, Osakidetzak enpresari eskatzen dio lizitazioan erizaintzako ratioa 1 izan behar duela 4 paziente bakoitzeko, eta 3 mediku nefrologo 112 pazienterentzat. Baina enpresak ez du betetzen Osakidetzaren agindua.
Langile falta dela eta, Osakidetzak ratioa 1/5era igotzea baimendu zuen erizaintzan pandemia garaian (tratamendu mota honetarako osasun erakundeen gomendioak gaindituz), eta enpresak ratioa 1/6ra eta 1/8ra handitu du egun (gomendatutako kopurua bikoiztu du), gaixoen osasuna arrisku larrian jarriz. Gauza berdina gertatzen da medikuen kategorian, non gaur egun 2 profesionalek soilik ematen duten zerbitzua 3k beharrean.
Behar baino langile gutxiago daudenez, 2022an guztira 3.500 aparteko ordu egin ziren, eta langileen zati batek enpresa uztea erabaki du, lan baldintza prekarioengatik.
ELAk lan baldintzen duintasuna bilatzen duen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan, guztira 13 greba egun egin dira dagoeneko, eta laster greba egun gehiago deituko dituzte. Enpresako 33 langileek erosahalmena bermatzeko soldata hobekuntzak eta langile faltagatik zerbitzuaren egoera lazgarria hobetzeko neurriak eskatzen dituzte, besteak beste.
Osakidetzaren pribatizazio eta prekarietatearen adibide bat gehiago da ELAk urtetan salatzen duena. Iñigo Urkullu lehendakariak edo Gotzone Sagardui sailburuak kontatzen diguten lankidetza publiko pribatuaren eta exekutiboa Osakidetzako itxaro zerrendak murrizteko hartzen ari diren neurrien adibide bat gehiago da, pazienteak osasungintzara pribatura bideratzea, azpikontratatuta. Osakidetzako langileek baino lan baldintza prekarioagoak dituzten enpresak.