Osakidetzak behin-behinekotasunean, murrizketetan, diskriminazioan eta soldata-eskala bikoitzean sakontzen jarraitzen du

2021/06/28
Mahai Sektorialaren azken bileraren ondoren, ELA-Osakidetzak salatu du Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendaritzak ez duela borondaterik erakusten euskal osasun publikoaren egiturazko arazo larriak konpontzeko, eta, horretarako, behin-behinekotasunean, murrizketei eustean, diskriminazioan eta langileen arteko soldata-eskala bikoitzean sakontzen duela.

Osakidetzak lan-eskaintza publiko guztiz eskasa izapidetzen jarraitzen du, eta, gainera, ez du langileak kontsolidatzea ahalbidetuko duen neurririk proposatzen. Osakidetzak 42.247 langile ditu, eta horietatik 24.468 aldi baterakoak dira. Ehunekotan, langileen %58a behin-behinekoa da. Zenbakiak ikusita, argi dago eskainitako 3.535 plazak ez direla nahikoak, eta erakusten du Osakidetzak ez daukala borondaterik behin-behinekotasunaren arazoari eta horrek langileentzat dakarren prekarietateari amaiera emateko. Bizkarra ematen die zerbitzu publikoa baldintza prekarioetan aurrera ateratzen urte asko daramaten langileei.

Behin-behinekotasun tasa handiekin eta horien ondorio larriekin jarraituz, gaurko bileran aldi baterako kontratazio-zerrendak kudeatzeko akordio berri bat sinatu da. Testuak ez ditu bermatzen aukera-berdintasuna, hizkuntza-normalizazioa eta euskarazko arreta, eta gainera, gardentasun faltan eta aldi baterako kontratu bat bestearen atzetik etengabe kateatzen duen plantillaren prekarietatean sakontzen du. ELAk ez du akordioa babestu, SATSEk eta SMEk sinatu dutelarik.

ELAren ustez, argi dago Osakidetzak murrizketetan sakontzen jarraitzen duela. Gogoratu behar da 2011an Osakidetzak deialdiak egitea eta, ondorioz, garapen profesionaleko osagarria ordaintzea eten zuenetik, ez duela inolako borondaterik erakutsi soldata-murrizketa hori lehengoratzeko. Horrela, ELAk irabazitako epai batek behartuta, deialdi hori ebatzi eta zegozkion soldatak ordaindu zituen, baina ordutik ez du bete hurrengo urteko deialdiak egiteko eta ordaintzeko zeukan betebeharra. Orain, Osakidetzak urte hauetan metatu duen soldata-zorraren kita bat negoziatu nahi du: alde batetik, 6 urtetako soldata ez ordaintzea nahi du, eta, gainera, urte horietan erretiroa hartu duten edo arrazoi desberdinengatik Osakidetza utzi duten baina egin gabeko deialdietan parte hartzeko eskubidea zeukaten milaka langileak kanpoan uzten ditu. ELAk ez du murrizketa hori mantentzearen alde egingo, eta aurrera jarraitzen du bide juridikoarekin, murrizkata hori baliogabetzeko helburuarekin.

Azkenik, Osakidetzak kolektibo batzuek pairatzen duten soldata-diskriminazioa betikotzea planteatu du, kasu honetan, %4ko osagarriari dagokionez. Alde batetik, kolektibo jakin batzuei osagarri hori aitortzea planteatzen jarraitzen du, baina progresiboki; eta, bestetik, Lehen Arretako eta EAGetako kategoria jakin batzuk kanpo uzten ditu. ELAk beti aldarrikatu izan du Osakidetzako profesional guztien soldatak parekatzea, salbuespenik gabe. Diskriminazio hori eta soldata-eskala bikoitza onartezinak dira. Planteamendu horren aurrean, eta Mahai Sektorialaren bilerarekin bat eginez, Lehen Arretako langileek, ELAk deituta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur hiru lurraldeetako osasun-zentroen aurrean.