Osakidetzak diskriminatu du interinitateak esleitzean

2015/09/03
Osakidetza abuztuan hasi da betetzen 2014ko kontratazio-zerrendetako postu hutsak eta gordeak, hainbat kategoriatakoak. ELAk eskatzen dio Osakidetzari eskaintza telematikoan parte hartzeko aukera zabaltzeko, plaza guztietara eta aldi baterako kontratazio-zerrendetako guztiei, hurrenkerari zorrotz jarraiki, abuztuko plaza-eskaintzan parte hartu zutenak baztertu barik.

Abuztuan posturik zaharrenak bakarrik eskaini dira, 2014. urtetik datozenak. Osakidetzak ez ditu atera postu huts eta gorde horiek, harik eta 2011-EPEtik eratorritako kontratazio-zerrenda berriak argitaratu arte. Plaza horiek eskaini zaizkie hurrenkeran lehen postuetan zeudenei. Eta hautagai horiek ez dute postua aukeratzerik izan, Zuzendaritzak egin dien eskaintza onartzea ala ukatzea, beste aukerarik ez dute izan.

Hala ere, irailean, Osakidetzak sistema telematiko bat jarriko du abian; eta horren bidez 2015. urteko plaza guztiak eskainiko dira. Hori dela-eta, bitartekotasun bat nahi dutenek postu hutsen artetik aukeratu ahal izango dute, askotan aurretik esleitu dituztenak baino iraunkortasun luzeagokoak. Abuztuan eskaintza onartu zutenek ez dute parte hartzerik izango sistema telematikoan, bitartekotasunak esleitzeko sistema berri horretan.

Osakidetzak, beraz, diskriminatu ditu kontratazio-zerrendetan puntuaziorik handiena dutenak. Horregatik ELAk eskatzen dio Osakidetzari eskaintza telematikoan parte hartzeko aukera zabaltzeko, plaza guztietara eta aldi baterako kontratazio-zerrendetako guztiei, hurrenkerari zorrotz jarraiki, abuztuko plaza-eskaintzan parte hartu zutenak baztertu barik.