Osakidetzak egonkortze EPEren oinarriak inposatu ditu, inongo sindikaturen babesik gabe

2022/09/29
Gaur izandako Osasuneko Mahai Sektorialeko bileran, Osakidetzak berriro ere agerian utzi du daukan negoziatzeko borondate eza eta inposaketaren bidearen aldeko apustuarekin jarraitu du. Hala, ontzat eman du Egonkortze EPErako Oinarri Orokorren proposamena, horrek sindikatuon babesik jaso ez duen arren. Gainera Osakidetzak oraindik ez die sindikatuei prozesuan eskainiko diren plaza zehatzei buruzko informaziorik eman eta Lanbide Garapeneko eredu berri bat planteatzen du, gaur egun indarrean dagoen sistemarekin alderatuta, murrizketa bat ekarriko duena.

Ohiko EPE bat planteatzen duen proposamen bat aurkeztu du, “Iceta Legeak” eskaintzen dituen abantailetako bat ere jasotzen ez duena, lanean urte luzeak daramatzaten langileak egonkortzeko helburu argiarekin.
Legeak kontrakoa ahalbidetzen duen arren, oposizio-fase baztertzaile bat planteatzen du, eta horrek bereziki kalte egiten die adin handieneko kolektiboei edo langile ezinduei; ez da berariaz puntuatzen Osakidetzan lortutako esperientzia, erakunde publikoan lanean urte luzeak daramatzaten aldi baterako langileak egonkortzeko berme gisa; eta hori guztia gutxi balitz, ez dira antolatzen merezimendu-lehiaketaren eta lehiaketa-oposizioaren faseak modu bereizituan, eta horrek, azkenean, merezimendu fasean lanpostu bat lortu dezaketen langile (azterketaren beharrik gabe) guztiak behartzen ditu azterketa egitera.

Administrazio guztientzako legea bakarra izanik, horietako askotan prozesu askoz bermatzaileagoak planteatzen ari dira aldi baterako langileentzat. Kasu honetan, gainera, Osakidetzak ez dio jaramonik egiten Osasun Ministerioaren dokumentu bati, prozesu horiei buruzko zenbait gomendio ematen dituena, aldarrikatutako zentzuan.
Horri, gardentasunik eza gehitu behar zaio, prozesu honetan etengabea izan dena. Gaur egun, eta behin eta berriz eskatu dugun arren, oraindik ez dakigu zeintzuk diren egonkortze prozesu honetan eskainiko diren lanpostuak. Gogora dezagun, gainera, Osakidetzak 3.700 plaza baino ez dituela eskainiko 24.600 aldi baterako langile baino gehiago dituen arren. Behin-behinekotasun tasa %50etik gora mantenduko da.
Aipatutakoaz gain, Osakidetzak Garapen Profesionaleko eredu berri baten proposamena aurkeztu du gaur Mahaian. Egindako planteamenduak, murrizketa bat planteatzen du gaur egungo ereduan. Horren adibide ona da, egungo ereduak planteatzen duela urtero egitea deialdi bat (ordainketa hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera), eta egindako proposamenean, ordea, lau urtean behin egitea planteatzen dela (ordaiketa hurrengo urteko urtarrilaren 1etik). Gainera, murrizketa hori plantillari aplikatzen zaio, baina ez zuzendariei. Proposamenak ezartzen du zuzendaritzako karguei, lau urte lan egin ondoren, maila bat aitortuko zaiela, gainerako langileek 25 urtez lan egin behar dutenean maila hori lortzeko aukera izateko.