Osakidetzak euskararen plana urratzen du

2011/11/16
ELAk salatu du Osakidetzaren datu-basea eguneratu gabe egoteak eta kostratazio-irregulartasunek urratu egiten dutela euskararen plana. Sindikatuaren iritziz, Osakidetzaren zuzendaritzak ez du arazoa konpontzeko inolako borondaterik azaldu.

ELAk gogoratu du langile bat, finkoa nahiz bitartekoa, aldi batez lanetik azaltzekoa ez bada, zereginak betetzera datorrenari ordezpen-kontratua egin behar zaio, legez. Horren ondorioz, ordezkoak bete behar dituen baldintzak postuaren jabeak, edo bitartekoak, bete behar dituen berberak dira. Baldintza horiek, funtsean, titulazioa, maila akademikoa eta euskara-maila dira.

Osakidetzak lege-iruzurra egiten du behin eta berriz, ordezpen-kontratuen partez behin-behineko kontratuak egiten baititu. Hori horrela, derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna ezarrita duten postuetan ezinbesteko baldintza hori egiaztatu gabeko pertsonak aritzen dira zenbaitetan. Irregulartasun larri hori dela-eta, ezin dira bete portzentajeak, erakundeen euskara-planetan ezarritakoak; eta gainera, trikimailu horretaz baliatu ohi da Administrazioa kutunkeria eta adiskidekeria bultzatzeko.

Zer gertatuko litzateke medikuak, erizainak edo administrariak ariko balira lanean dagokien titulua eduki gabe?, azpimarratu du ELAk

Gainera, datu-baseak ez dira egunero eguneratzen hizkuntza-eskakizunei dagokienez, eta beraz zailagoa eta luzeagoa da kontratazio-deiak egin ahal izatea, horretaz arduratzen direnek ez baitute langileari buruzko benetako informaziorik. Zenbaitetan eskualdeetatik eta ospitaleetatik esan izan digute ez dutela administraririk baldintza hori betetzen duenik, baina hori ez dator bat benetako egoerarekin.

Horregatik guztiagatik salatu behar ditugu berriro Osakidetzaren antolamendu eta asmo txarrak, erabiltzaileen, langileen eta oposizio-egileen funtsezko eskubide hori urratzen dutenak; eta baita arazoa konpontzeko borondaterik eza ere.