MAHAI SEKTORIALA

Osakidetzak ez du behin-behinekotasun handiarekin amaitzeko borondaterik erakusten

2025/07/23
Osakidetzako Mahai Sektorialaren gaurko bileran egindako proposamena ikusita, ELAk salatu nahi du Osasun Sailak ez duela borondaterik behin-behinekotasun kopuru onartezinarekin amaitzeko. Eta horretarako, berriz ere, Madrilen aitzakia erabili du.

Mahai Sektorialean, Osakidetzak 2025eko Lan Eskaintza Publikoa aurkeztu du (1.247 plaza). Eskainitako plaza kopurua zehazteko, Osakidetzak Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean ezarritako birjarpen-tasa orokorra erabili du. Horrek esan nahi du Osasun Sailak ez duela borondaterik Osakidetzaren behin-behinekotasun handiarekin amaitzeko, eta Pradalesen Gobernuaren inbestidura-akordioari ere bizkarra eman dio. Izan ere, akordio horrek helburutzat jotzen du Gasteizen finkatzea sektore publikoko soldata eta enplegua. Ondorioz, Madrilek erabakitakoaren mende jarri da berriro Osakidetza.

Gainera, Osakidetzak uko egiten dio legeak ematen dituen aukera guztiak erabiltzeari. Gogora dezagun 2024rako Estatuko Aurrekontuen Legeak birjarpen-tasa espezifikoa ahalbidetzen duela, Europak gehienez ezarritako % 8ko behin-behinekotasunaren helburua lortzeko. ELAk, horregatik, Legeak ematen dituen marjina guztiak erabiltzeko exijitu dio Osasun Sailari, are gehiago Osakidetzako langileen erdia baino gehiago behin-behinekoa denean, 24.000 langile baino gehiago, eta egonkortzeko LEPa Legean ezarritakoa baino urtebete beranduago ezarriko denean.

Hori guztia Europak administrazio publikoei arreta deitu dienean behin-behinekotasunaren abusuzko erabilera sistematikoagatik (Osakidetza Europako Auzitegien irizpideak bete ez dituen administrazioetako bat da), eta Mahai Sektorialean presentzia duen ezein sindikaturen abalik gabe Osasun Ituna itxi eta gutxira. Errealitateak erakusten du Osakidetzaren egoera ez dela aldatu.